Eguraldiak ez du zapuztu XIV. Libre Ardo Dastaketa Eguna

Uztarria.eus 2019ko aza. 2a, 16:58

Goiza goibel esnatu bada ere, eguerdi partean eutsi dio euriak, eta eguraldiak ez du zapuztu XIV. Libre Ardo Dastaketa Eguna. Urtero legez, herritar ugari izan da plazan jan-edanaz gozatzen. Jatorri askotako ardoak dastatzeko aukera izan dute plazara joan diren lagunek; hamazazpi upategitako ardoak probatu ahal izan dituzte horiek. Gainera, Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Elkarteko kideek nahiz hainbat gaztandegitako kideek pintxoak ere prestatu dituzte ardoari laguntzeko. 

Dastaketaz gain, Euskal Herriko Txorizo Egosi Txapelketa ere egin dute goizean hasita plazan, eta aurtengoan 27 harakinek parte hartu dute lehian. Txapela Azpeitian gelditu da; izan ere, epaimahaiak hala erabakita, aurtengo txapelketako txorizorik onena Azpeitiko Zabala harategikoa izan da, 42 puntu eskuratuta. Bigarren saria Olazagutiako (Nafarroa) Pako harategiak eskuratu du (41 puntu), eta hirugarren saria Segurako (Gipuzkoa) Ondarre harategiarentzat izan da (39 puntu). Hirugarren sari hori desenpatean erabaki dute; hain zuzen ere, laugarren sailkatu den Valentin Odriozola Azpeitiko harakinak ere puntu kopuru bera lortu du. Bosgarren saria, berriz, Orioko Kepa Loidi harategiarentzat izan da (38 puntu). Txapelketako sari banaketa ekitaldia kioskoan egin dute 13:30ak pasatuta, eta irabazleek Mikel Sanjuan tailugileak egindako oroigarri bana eskuratu dute.

Hona hemen, gaur eguerdiko irudi batzuk: