Izaera herrikoiarekin eta herri hezitzailearen filosofiarekin iritsiko da Kros Mistoaren X. edizioa

Uztarria.eus 2019ko aza. 1a, 18:04

Kros Mistoaren X. edizioaren hausnarketan parte hartu duten eragileetako kideak. (Azpeitiko Udala)

Azaroaren 16an, zapatua, 17:00etan hasiko da kros mistoa, eta parte-hartzaileek hiru distantziatako ibilbideak izango dituzte aukeran. Herri hezitzailearen filosofiarekin bat eginda, hainbat neurri hartu dituzte antolatzaileek: lehiakortasuna alde batera utzita, denborarik ez dute neurtuko; eta generoaz haratago, misto hitza bere osotasunean hartuko dute, adin, ezaugarri fisiko eta adimen aniztasuna txertatuta.

Aurtengoa Azpeitiko Ikastola Ikasberrik antolatzen duen Kros Mistoaren hamargarren edizioa izango da, baina eraberrituta iritsiko da azaroaren 16ko proba. Ohiko moduan larunbat arratsaldez izango da lasterketa, baina hainbat aldaketa izango ditu egitasmoak, haren sustatzaileek hausnarketa bat gauzatu dutelako eta herri hezitzailearen filosofiarekin bat egitea erabaki dutelako.

Herri hezitzaileen filosofiaren barruko zazpi giltzarriren gaineko hainbat neurri hartu dituzte, herritar orok izan dezan proban parte hartzeko aukera: batetik, kronometroa eta inskripzioa kendu eta sariak zozketa bidez banatuko dituzte, lehiakortasunetik kooperaziora jauzi egiteko; bestetik, distantzia desberdinetako ibilbideak prestatuko dituzte, herritar denen parte hartzea sustatzeko; horrez gain, misto hitza bere zabalean hartuko dute generoaz haratago, eta adin desberdindun bikoteek, adimen anitzeko bikoteek, ezaugarri fisiko desberdindun bikoteek eta abarrek egin ahal izango dute lasterka. Aurtengo edizioa "oso berezia" izango dela uste dute haren antolatzaileek, eta herritarrei parte-hartzeko deia egin diete.

Azaroaren 16an, zapatua, 17:00etan hasiko da kros mistoa, eta parte-hartzaileek hiru distantziatako ibilbideak izango dituzte aukeran: 1,1 kilometrokoa, 3,3 kilometrokoa eta 6,7 kilometrokoa. Lasterketan parte hartzeko izena eman egin beharko dute herritarrek, baina ez dute ezer ordaindu beharko. Aurrez, ikastetxeetan, igerilekuan nahiz kiroldegian eskainiko dute izena emateko aukera, eta lasterketaren egunean ere izango da horretarako parada; 16:00etatik aurrera eman ahal izango da izena plazan. Ordu horretan musika ere jarriko dute plazan, giroa alaitzeko asmoz. Probak bukatzean, oparien zozketa egiteaz gain, jan-edanerako aukera ere izango da plazan. Goizean, 09:00etatik 12:00etara bitartean, eskola kirolaren barruko atletismo saioa egingo dute herriko neska-mutil gaztetxoek, plazan.

Luzerako aldaketa prozesua

Krosaren izaera herrikoia bermatzeko Azpeitiko Udalaren dirulaguntza jasoko du probak, ez babesle pribatuena. Gainera, hartu dituzten neurriez gain, krosa egitasmo parekidea, euskalduna eta ingurumenarekiko errespetuzkoa izan dadin bermatuko dute haren sustatzaileek. Aldaketa horiek guztiak aurtengo edizioan egingo badituzte ere, luzera begirako aldaketa prozesu baten abiapuntua baino ez dela esan dute haiek; izan ere, horiek lanean jarraitzeko asmoa agertu dute. Kros mistoa balioen hezkuntzarako tresna bikaina delakoan daude probaren antolatzaileak, eta esan dute "herri mailako egitasmo anitz eta parte-hartzailea" izatea gustatuko litzaiekeela.

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kideek hainbat eragile izan dituzte kros mistoaren bueltan egin duten hausnarketan bidelagun, hala nola Azpeitia Herri Hezitzailea, Iraurgi Ikastetxea, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Urola Ikastola BHI, Eskola Kirol Kontseilua, Atzegi, Xeye, Raka, Marea Urdina eta Azpeitiko Udala. Egitasmoa herriratzeko hausnarketa prozesuak martxan jarraituko dutela eta prozesuan bidelagun izan nahi duen orok ateak zabalik izango dituela ere esan dute kros mistoaren sustatzaileek: "Egitasmoa anitza eta herrikoia zizan dadin, garrantzitsua iruditzen zaigu beste eragile batzuekin antolaketarako elkarlana bultzatzea".