Lagun Onak futbol taldeak 75. urteurreneko ereserkia aurkeztuko du bihar

Uztarria.eus 2019ko urr. 30a, 14:03
Ereserkiaren grabaketako une bat. (Lagun Onak)

Lagun Onakek 75 urte bete ditu aurten, eta horren harira, ereserkia eta bideoa osatu ditu klubak. Bihar aurkeztuko dituzte jendaurrean, 19:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean.

Lagun Onak futbol klubak 75 urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatzen ari da taldea, futbola bihotzean, balioak zelaian lelopean. Besteak beste, ereserkia prestatzen aritu dira azkenaldian klubaren ordezkariak, eta joan zen irailean, haren aurrerapen bideoa kaleratu zuten. Dagoeneko eman diote forma Lagun Onaken abestia izango denari, eta bihar, osteguna, aurkeztuko dute jendaurrean. Sanagustin kulturgunean egingo dute ekitaldia, 19:30ean hasita.

Biharko aurkezpenean, ereserkia eta harekin osatu duten bideoa ontzeko prozesua nolakoa izan den azalduko dute, eta bideo hori erakutsiko dute. Lehenik, Lagun Onakeko ordezkariren batek hartuko du hitza, eta segidan, bideoaren egileak haren inguruko azalpenak emango ditu. Gainera, toma faltsuak ere proiektatuko dituzte. Kantuaren grabaketan parte hartu duten hainbat kide ekitaldian izango da, eta Lagun Onak klubak herritar guztiak gonbidatu ditu bertan parte hartzera.