Kalabazak eta arimak kalera ateratzeko gaua

Uztarria.eus 2019ko urr. 31a, 09:30
OƱatz auzoko etxe baten atarian kalabaza pila bat dituzte banku baten gainean jarrita.

Urriaren 31 da gaur, eta askok Halloween jaia ospatzeko eguna dela pentsa dezakete gaurkoa, Ameriketako Estatu Batuetako joera tarteko. Dena den, Arimen Gaua ospatzeko ohitura ondo errotutako tradizioa izan da Euskal Herrian, baita Azpeitian ere.

Santu Guztien Egunaren bezpera da gaur, urriaren 31, eta munduko leku askotan, Halloween jaia ospatzeko eguna. Gaur gauekoa Ameriketako Estatu Batuetako ospakizun bat dela pentsa dezake jendeak, baina Arimen Gaua ospatzeko ohitura ondo errotutako tradizioa izan da Euskal Herrian. Gaur egungo Halloween komertzialagotik desberdin samar, baina funtsean, antzeko jaia izaten zen Euskal Herrian egiten zutena: gazte kuadrillak elkartzen ziren, kalabazak husten zituzten, eta kandelaz eta beste hainbat elementuz lagundurik, ingurukoak beldurtzera irteten ziren kalera. Ospakizun guztia heriotzarekin estuki lotutako giroan egiten zuten.

Egun, askorentzat harrigarria izan badaiteke ere, 1950. hamarkadara arte, gutxienez, Euskal Herriko herri eta eskualde gehienetan bizirik iraun zuen ohitura izan zen, baita Azpeitian ere. Egun, ezin jakin jendeak Arimen Gaua ospatzen jarraitzen ote duen edo ez, baina Oñatz auzoko baserri baten kanpoan kalabaza ugari dituzte, bata bestearen gainean jarrita. Gaur gauean herritarrak beldurtzeko ote dituzte gordeta?