Hautes-mahaietako ordezkarien zozketaren emaitzak kontsultatzeko zerbitzua jarri du Udalak

Uztarria.eus 2019ko urr. 22a, 18:52

Azpeitia.eus webgunean ikus daitezke hautes-mahaien zozketaren emaitzak. Herritarrek dagoeneko begiratu dezakete datorren azaroaren 10eko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan mahaian egotea egokitu al zaien. Mahaian egotea egokitu zaien herritarrei eskura emango diete jakinarazpena udal langileek.

Azpeitiko Udalak hauteskunde-mahaietako ordezkarien zozketako emaitzak kontsultatzeko zerbitzua jarri berri du martxan, eta herritarrek dagoeneko begiratu dezakete datorren azaroaren 10eko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan mahaian egotea egokitu al zaien. Aurrerantzean, beraz, hauteskundeen atarian egiten diren zozketen emaitzak Internet bidez kontsultatu ahal izango dituzte herritarrek. Azpeitia.eus webgunean jarri dute zerbitzua, eta herritarrek beren datuak sartuta jakin ahal izango dute bozen egunetan hautes-mahaietan egotea egokitu zaien edo ez. Udalak azaldu duenez, herritarrei "zerbitzu azkarra" ematea da erakundearen helburua.

Azpeitia.eus atariaren hasierako orrian –eskuinean– 'Hauteskunde mahaiak' izeneko atala sortu du Udalak, eta han klik eginda, beste orri batera bideratuko ditu erabiltzaileak. Behin orri horretan sartuta, NAN zenbakia sartu beharko dute herritarrek kontsulta egiteko. Hautes-mahaian egotea egokitu ez zaien herritarrei beren NAN zenbakia ez dela aurkitu jakinaraziko die orriak. Aldiz, mahaian egotea tokatu zaienei, mahaiaren inguruko xehetasunak azalduko dizkio. Kontsultarako orria da sortu dutena, eta ohiko moduan, mahaian egotea egokitu zaien herritarrei eskura emango diete jakinarazpena udal langileek.