Behin joan nintzen...

Uztarria.eus 2019ko urr. 22a, 11:13

80 postu inguru jartzen dituzte astearteroko azokan, askok urteak daramatzate horretan. Susmoa dute, ordea, azken azokako saltzaileak ote diren. Haien irudiekin eta hitzekin osatu du Nerea Uranga kazetariak Klik! argazki erreportajearen atala 2019ko urriko Uztarria aldizkarian.

Azoka Plazan

Bertako eta inguruko herrietako baserritarrek jartzen dituzte postuak Azoka Plazan. Sasoiko barazkiak, landareak, loreak, ogia, gazta... eros daitezke bertan. Postu gehien astearteroko azokan jarri ohi dituzte. Guztira, 35-40 baserritarren postuak egoten dira asteartero. Horietako hainbat ostiral arratsaldeetako azokan ere izaten da.

 

Beasaindik oinetakoekin

Azokaz azoka oinetakoak saltzen ibiltzen da Jose Ramon Porras beasaindarra. 30 urte baino gehiago dira Azpeitiko azokara etortzen dela. Postua beti toki berean eduki du, plazako arkupeetan.

 

Astotegian

Asteartero hiru-lau azokako postu egoten dira Astotegian: arropenak bi, ohe-estalkiena-eta bat eta Kimu Batek landareak saltzeko jartzen duena. 20 bat urte dira Kimu Batek postua jartzen duela.

 

Fruta postuak

Arropen postuez gainera, fruta saltzaileenak ere asko izaten dira astearteroko azokan. Horietako bat da Urretxuko Matias fruta-dendarena. 30 urte inguru daramatza Azpeitian postua jartzen. Azoka bezperan kamioia kargatzen dute, eta azokaren egunean 05:00 aldera abiatzen dira postua jarri behar duten herrira.

 

Lehen azoka plazan

Andres Etxabe legazpiarrak Azoka Plaza berritu zutenetik leku berria du; orain plazako arkupeetan jartzen du saltokia. 55 urte-edo dira Azpeitiko azokara etortzen hasi zirela, eta lehen Azoka Plaza zaharreko bigarren solairuan egoten zen. Bakailao gazitua, hestebeteak, anaiak eta biek egindako gazta, eztia eta abar saltzen ditu. Astegunetan herriz herri eta asteburuetan azoka berezietan ibiltzen da.

 

Plazako arkupeetan

Gaineko irudian, Eva Egiguren eta Juan Antonio Cañamero azpeitiarrek jartzen duten postua. Barruko arropak eta pijamak saltzen dituzte hauek. 33 urte daramatzate azokaz azoka. Egun, Azpeitian, Tolosan, Markina-Xemeinen eta Zumarragan saltzen dute. Garai batean, ordea, Ondarroara eta Elgoibarrera ere joaten ziren saltzera. Azpiko irudian, Mussin Akrikez Azpeitiko azokan. Zumaiatik etortzen da Azpeitira, mantak, ohe-estalkiak, sofa-estalkiak eta izarak saltzera. 27 urte dira Azpeitiko azokara etortzen hasi zela. 06:00 aldera hasten da postua muntatzen eta dena jasotzerako 14:00 aldea izaten dela dio.

 

Azokako beteranoak

Azpeitiko Amalaunekoa da Jose Luis Rey. "160 urte dira gure familiakoak azokan saltzen hasi zirela. Gure amamaren aitona hasi zen azokan saltzen", azaldu du Reyk. Aurrena baserriko tresneria saltzen zuten, gaur egun arropa: "Segak, ganadu mantak... saltzen zituzten garai hartan. Gerora, bonbatxoak eta aurreko mantalak-eta egiten hasi ziren, eta horrelakoak ere eramaten zituzten azoketara". Gaur egun arropa saltzen dute, eta herrian ez ezik beste hainbat herritako azoketan ere izaten dira: Markinan, Zumarragan, Leitzan, Arrasaten, Eskoriatzan eta Zornotzan.