Aitor Letamendia da Azpeitiko EAren koordinatzaile berria

Uztarria.eus 2019ko urr. 21a, 18:14

Joan zen asteaz geroztik, Azpeitiko Eusko Alkartasunako koordinatzailea da Aitor Letamendia. Agustin Lizarralderen lekukoa hartu du gazte azpeitiarrak, eta aurrerantzean bera izango da Azpeitiko EAren batzordearen burua.

Eusko Alkartasunaren barruko tira-birak dira protagonista azken hilabeteetan; izan ere, hautsak harrotuta daude alderdiaren barruan. EAko hainbat afiliatu ez dago ados egungo zuzendaritzak hartutako bidearekin. Joan zen zapatuan, adibidez, agerraldia egin zuten EAren ildo kritikoko 160 bat afiliatuk Donostian. Haiek idazkari nagusia hautatzeko hautetsontziak jar ditzala eskatu zioten zuzendaritzari, eta han izan ziren Letamendia eta Azpeitiko EAko beste kide batzuk. Argazkian, Letamendia hizketan, joan zen zapatuan EAko ildo kritikoko kideek Donostian egin zuten agerraldian.