Beñat Lizaso bigarren sailkatu da Irungo final-laurdenean

Uztarria.eus 2019ko urr. 21a, 12:00
Beñat Lizaso, atzo Irunen jokatutako kanporaketan. (Bertsozale Elkartea)

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdena jokatu zuen Beñat Lizasok atzo Irunen, eta bigarren sailkatu zen azpeitiarra, Agin Labururen atzetik. Gainontzeko saioetako puntuazioen zain gelditu beharko du hurrengo fasera igarotzen den edo ez jakiteko.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdena jokatu zuten atzo, igandea, Irunen, eta saio horretan kantatu zuen Beñat Lizaso bertsolariak. Ez zuen saioa irabaztea eta zuzenean hurrengo fasera igarotzea lortu; hori bai, bigarren sailkatu zen kanporaketan, eta beraz, beste saioetako puntuazioen zain gelditu beharko du aurrera egiten duen edo ez jakiteko. Agin Laburuk irabazi zuen final-laurdena, 495 punturekin, eta Lizasok 455,5 puntu eskuratu zituen. Honela gelditu ziren sailkapenean gainontzeko bertsolariak: Haritz Mujika (455,5 puntu) hirugarren sailkatu zen, Unai Gaztelumendi (451,5 puntu) laugarren, Iñigo Izagirre (445,5 puntu) bosgarren eta Maider Arregi (425,5 puntu) seigarren.

Jokin Uranga da txapelketan aurrera egin duen beste azpeitiar bertsolaria. Hark larunbatean, hilak 26, jokatuko du final-laurdena, Eibarren, eta Felix Zubia, Gorka Maiz, Jon Maia, Mikel Tapia eta Unai Muñoa izango ditu parez pare. Era berean, igandean final-laurdenetako kanporaketa jokatuko dute Soreasu antzokian.

Lotura honetan irakur daiteke txapelketaren atarian Uztarriak Lizasori egindako elkarrizketa.