Hainbat sari eskuratu dute azpeitiarrek 43. Euskal Herriko Dantza Txapelketan

Uztarria.eus 2019ko urr. 20a, 16:18
Amets Amubieta eta Larraitz LarraƱaga bigarren sailkatu ziren atzo jokatutako txapelketan. (Goierriko Hitza)

Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga bigarren sailkatu dira Segurako txapelketan, eta Laura Bastida eta Ekain Uzkudun hirugarren. Gainera, txapelketan lehen aldiz parte hartu duen bikoterik onena izan da Itziar Bastidak eta Anaitz Lizartzak osatutakoa.

43. Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatu zuten atzo, larunbata, Seguran (Gipuzkoa), eta bertan izan ziren Azpeitiko hamasei dantzari. Gainera, hainbat sari eskuratu zuten herriko dantzariek. Bigarren postuan Larraitz Larrañaga eta Amets Amubieta sailkatu ziren, eta 600 euro eta garaikurra jaso zituzten. Laura Bastida eta Ekain Uzkudun izan ziren hirugarrenak, eta horiek 500 euro eta oroigarria eskuratu zituzten. Gainera, txapelketan lehen aldiz parte hartu dutenen artean bikote onenari banatzen dioten Guillermo Areizaga saria ere Azpeitira ekarri dute; hain zuzen ere, Itziar Bastidak eta Anaitz Lizartzak jaso zuten sari hori.

Bergarako (Gipuzkoa) Saioa Galarragak eta Julen Murgiondok irabazi dute aurtengo txapelketa. Orotara, hamalau bikotek parte hartu zuten Euskal Herriko Dantza Txapelketan, eta horietatik zazpi bikote joan ziren Azpeititik. Beste bi bikote, berriz, Azpeitiko, Errezilgo eta Azkoitiko dantzariek osatutakoak izan ziren. Beraz, herriko dantzariak protagonista izan ziren Seguran.