Arropa eta etxeko hondakin txikiak biltzeko edukiontziak aldatu dituzte

Uztarria.eus 2019ko urr. 17a, 17:02

Duela hilabete eta aste batzuetatik, arropa eta hondakin berrerabilgarriak jasotzeko edukiontzi berriak ikus daitezke Urola Erdiko herrietan. Azpeitian ere aldatu dituzte, eta lehengo edukiontzietan arropa soilik jasotzen bazuten ere, berrietan jostailuak, liburuak, aparatu elektriko txikiak eta bitxiak ere bilduko dituzte –erabiltzeko moduan daudenak–. Dena den, Urola Erdiko Mankomunitateak eskatu du ebakiak eragiteko arriskua duten gauzak ez uzteko edukiontzietan, hala nola kristaleria, baxerak, labanak, guraizeak eta kuterrak. Etxeko hondakin arriskutsuak ere edukiontzi horietan ez lagatzea eskatu du. Tamaina handiko hondakinak edukiontzi horien ondoan uztea debekatuta dagoela azaldu du mankomunitateak, eta ohartarazi du halakoak Lapatxeko Garbigunera eraman behar direla edo Emausen bilketa telefonora (656 789 574) deituta jasoko dituztela.