Azpeitian jokatuko dira Maila Goreneko eta Lehen Mailako Gipuzkoako Bakarkako Xake Txapelketak

Uztarria.eus 2019ko urr. 17a, 13:41

Zapatuan jokatuko dute lehen jardunaldia, eta urriaren 26an eta azaroaren 2an, 9an, 16an, 23an eta 30ean izango dira gainerakoak. Eskualdeko Bigarren eta Hirugarren mailetako txapelketak ere jokatuko dituzte data horietan. Baigera I eraikineko laugarren solairuan jokatuko dituzte jardunaldia guztiak, 16:00etan hasita.

Maila Goreneko eta Lehen Mailako Gipuzkoako Bakarkako Xake Txapelketak Azpeitian jokatuko dira aurten, eta zapatu honetan, urriaren 19an, jokatuko dute lehen jardunaldia. Bigarren aldia da txapelketaren maila nagusiaren partidak Azpeitian antolatu dituztela, herriko Xaputarrak taldearen ardurapean.

Guztira, zazpi jardunaldik osatuko dute txapelketa: asteburu honetakoaz gain, urriaren 26an eta azaroaren 2an, 9an, 16an, 23an eta 30ean ere jokatuko dituzte partidak. Jardunaldi guztiak larunbatetan izango dira, toki eta ordu berean: Baigera I eraikineko laugarren solairuan, 16:00etan hasita.

Gorengoen eta Lehen Mailakoen txapelketa ez da, ordea, aipatutako egunetan Azpeitian jokatuko den bakarra. Eskualdeko Bigarren eta Hirugarren mailetako txapelketen partidak ere jokatuko dira Baigera Ien. Jardunaldiko zazpi partida jokatuko dituztela aurreratu dute antolatzaileek. Hainbat herritako jokalariak ariko dira astebururo Azpeitian lehian, eta tartean izango dira Azpeitikoak ere.