Bartzelonako Gelato World Tour kanporaketan bigarren sailkatu da Fernando Alberdi

Uztarria.eus | Ekonomia
2019ko urr. 7a, 16:30

Gelato World Tour txapelketako kanporaketa bat jokatu dute asteburuan Bartzelonan, eta bigarren postua eskuratu du Fernando Alberdi izozkigile azpeitiarrak. Lehia horretan bigarren postua eskuratu duenez, datorren urtean jokatuko den Espainiako finalerako txartela eskuratu du Alberdik. Final horretan puntuaziorik onena lortzen duten bi izozkigileak 2021ean Italian jokatuko den mundialean ariko dira.

Mangoa ezpeletako piperrautsarekin nahastu eta izozki bat sortu zuen duela urte batzuk Alberdik, eta sari bat baino gehiago eskuratu du ordutik harekin. Bartzelonako kanporaketara ere izozki hori aurkeztu du, eta azaldu duenez, Espainiako finalera ere izozki bera eramango du ziurrenik. "Badaukat izozkiz aldatzeko aukera, baina izozki hori arrakasta izaten ari da, eta seguru aski izozki berarekin jarraituko dut lehiatzen".

Hiru egunez –ostiralean, larunbatean eta igandean– jokatu zuten Bartzelonako kanporaketa. Epaimahaiak puntuazioaren %60 erabaki zuen, eta publikoak beste %40. Haien arabera, aurkeztutako izkozkien artean bigarren onena izan zen azpeitiarrarena. Lehen saria, berriz, Maurizio Melanik eskuratu zuen. Alberdi pozik dago lortutakoarekin: "Esfortzu handia egin nuen asteburuan, izozki pila bat egin behar izan nuelako, bai epaimahaiarentzat, bai publikoarentzat. Halako lana hartu ostean, gustura hartzen dira sariak. Oso pozik nago", azaldu du.

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau JLarranaga | 2019-10-07 : 20:40

Hola, ze poza ematen duen herriko gazteak premioa ta premioa irabazten ikustea. Bat helatua egiten, bestea borrokan ta bestea mendian laistrekan. Gustora irakurtzen ditut holako notiziak, eskarrikasko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu