Aste honetan hasiko dituzte ikasturte berriko ekitaldiak Udal Liburutegian

Uztarria.eus | Kultura
2019ko urr. 7a, 08:30

Asteazkenean egingo dute lehen saioa, LH1eko eta LH2ko haurrei zuzendutako eskulan tailerra. Ipuin kontaketak eta marrazketa saioa ere izango dira, besteak beste.

Udako oporrak amaituta, aste honetan hasiko dituzte ohiko jarduerak Udal Liburutegian. Hain zuzen ere, asteazkenean, urriak 9, izango da lehen saioa: eskulan tailerra egingo dute, 18:00etan hasita, LH1eko eta LH2ko haurrei zuzenduta. Plaza mugatuak izango dira, eta izena eman behar da aurrez; gaur da horretarako azken eguna.

Hurrengo saioa urriaren 21ean, astelehenez, izango da. Ana Galarragak 5 urteko haurrei zuzendutako ipuinak kontatuko ditu, 18:00etatik aurrera. Marikalanbre bizitzaren laborategian liburuaren egilea da Galarraga, eta zientzia oinarri duten kontakizun bitxiak eta barregarriak esperimentuekin nahasten ditu, haurren jakin-mina pizteko eta haiek ondo pasatzeko helburuarekin. Aste horretan bertan, urriaren 23an, Pello Añorgaren ipuin kontaketa izango da, 18:00etan. 3 urteko haurrentzako izango da saioa, eta gurasoek edo helduren batek lagunduta joan beharko dute umeek. Plaza mugatuak izango dira, eta beraz, aurrez izena eman behar da; gaurtik hilaren 18ra bitartean izango da horretarako aukera.

Urriko azken astean izango dira hil honetako azken bi jarduerak. Urriaren 28an, Miriam Mendozak ipuin kontaketa eskainiko du, 6 eta 8 urteko haurrei zuzenduta, 18:00etan. Urriaren 30ean, berriz, marrazketa saioa izango da Haur Txokoan, 17:30ean hasita.

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu