Burdinbidearen Euskal Museoaren 25. urtemuga ospatuko dute zapatuan

Uztarria.eus | Aisia
2019ko urr. 3a, 15:56

Egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako, eta dantza emanaldia, sagardo eta indaba dastaketa eta tren historikoen joan-etorriak izango dira, besteak beste, Burdinbidearen Euskal Museoan.

Burdinbidearen Euskal Museoak 25 urte bete ditu, eta urtemuga ospatzeko egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako. Tren historikoak izango dira protagonistak.

Goizean, 10:30ean, ekingo diote urteurren ospakizunari Burdinbidearen Euskal Museoan, irekiera ekitaldiarekin. Ondoren, Burdinbidearen Euskal Museoko 25. Urtemuga gai hartuta antolatu duten haur marrazketa lehiaketako sariak banatuko dituzte, eta horren ostean, emanaldia eskainiko du Egape dantza taldeak. Goizean zehar hiru tren historikotan Lasaora joan-etorriak egiteko parada izango dute herritarrek. 11:00etan, 1920. urtean eraikitako Euzkadi trenak egingo du joan-etorria. 12:00etan, 1888ko Zugastieta tren-makinaren txanda izango da, eta 13:00etan bi trenetara igotzeko aukera izango da, Euzkadira eta 1913. urteko Portugal tren-makinara, hain zuzen ere. Horrez gain, Euskal Herriko sagardo eta indaba dastaketa antolatu dute, eta jan-edana 14:00 aldera izango da. Jarraian, bidaia egingo dute tren-makinen osaera ezagutzeko.

Sabelak bete ostean jarraituko dute prestatutako egitarauarekin. Larunbat arratsalderako beste hiru bidaia antolatu dituzte lurrun eta diesel tren-makinetan. Ordubetero irtengo dira trenak Burdinbidearen Euskal Museotik Lasaora. 16:30ean Alsthom tren-makinak egingo du bidaia; 17:30ean Aurrera trenak eta 18:30ean Euzkadik.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu