Txost! eta Maddi taldeek kontzertu bana eskainiko dute ostiralean Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus 2019ko urr. 2a, 11:16

Arkupehotsak egitasmoaren barruan eskainiko dituzte zuzenekoak, 20:00etan hasita. Ez da sarrerarik ordaindu beharrik izango. 

Datorren ostiralean, urriaren 4an, Txost! eta Maddi taldeen zuzenekoak izango dira Sanagustin kulturgunean. Arkupehotsak egitasmoaren barruan eskainiko dituzte kontzertuak, 20:00etan hasita, eta doan izango dira.

Maddi Noguera ataundarrak bakarka hasi eta 2017tik hona talde formazioan datorren proiektua da Maddi. Azken urtean lokalean mimoz gorpuztutako hamar abesti berrirekin osatu dute Ying Yang lan berria. Soinu indartsuago batekin baina berezko nortasuna galdu gabe. Karlos Osinagak 2018ko uztailean eta abuztuan grabatu eta nahastutako diskoa urrian argitaratu zen. 

Txost! Urretxu-Zumarragako musika taldea da. Egile-popa, pop urduria edo afropop bezala deskribatu izan dute laukote honen estiloa. Alaitasuna eta jolasa oinarritzat hartuz kantu bereziak josten dituzte, letra zoroak kantatuz. Esperimentaziorako tarteak uzten dituzte kontzertuetan, eta ikus-entzuleekin gertutasuna bilatzen dute. 2018an argitaratu zuten lehen diskoa, Erreferak esperantza izenekoa, eta bigarrena prestatzen ari dira.