Rock-and-roll gaua, Capsula eta Los Vinagres taldeen eskutik

Uztarria.eus 2019ko ira. 30a, 11:00

Capsula eta Los Vinagres taldeek kontzertu bana eman zuten larunbatean, Sanagustin kulturgunean, 22:30ean hasita. Rock-and-roll doinuek hartu zuten aretoa, eta giro ederra nagusitu zen.

Capsula psikodelia, undeground rocka eta erritmoa uztartzen dituen taldea da. 1997an Buenos Airesen (Argentina) sortu zen taldea, baina azken urteetan Bilbon dute kabia eta bizilekua, nahiz eta ez dioten Europara eta Ipar zein Hego Amerikara joateari utzi. Joan den martxoaren 22an argitaratu zuten Bestiarium diska; apokaliptikoa, iluna eta trangresorea da disko berri hori, taldeak berezkoak dituen rock bizi eta psikodelikoa alde batera utzi ez badute ere.

Los Vinagres taldeak mestizaia nagusi den rock and rolla egiten du, Kanariar irletako energia bolkanikoarekin. Garajetik irten berri den rockabillia eta base erritmiko indartsuak uztartzen ditu taldeak. Salsa eta doinu karibearrez zipriztindutako rock disko berria –Los Volcanes– aurkeztera etorri ziren Sanagustin kulturgunera.

Lotura honetan ikus daitezke kontzertuetako argazki gehiago.

(Argazkiak: Kulturaz)