Hasi dira Elizkaleko eraikin zaharrak eraisten

Uztarria.eus 2019ko ira. 18a, 14:58

Ekin diote Elizkaleko hiru eraikin zahar eraisteko lanei, ondoren alokairurako hamabi etxebizitza egiteko. Azpeitiko Udalak hiru etxe-atari erosi zituen Elizkalean 2017. urtean, etxe hutsetatik abiatutako etxebizitza politika garatzeko eta Alde Zaharra biziberritzea xede. Zehazki, Elizkaleko 24, 26 eta 28 zenbakidun etxe-atariak erosi zituen erakundeak, bertan alokairura bideratutako hamabi etxebizitza eraikitzeko. Duela aste batzuk hasi ziren eraikin zaharrak husteko lanekin, eta gaur hasi dira eraikinak botatzen. Lan horiek direla eta, hainbat egunez kalea itxiko dute ibilgailuentzat.

Udalak azaldu duenez, "babestutako etxebizitzen aldeko apustu sendoa" egin du erakundeak azken urteotan: "Esklabak Iturzulo eremuan 62 etxebizitza babestu –babes ofizialekoak eta Udal sustapenekoak– esleituta ditu Udalak, eta eremu horretako bigarren fasea ere aurre lanketan da". Alde Zaharra "biziberritzeko", aldiz, hainbat lan egin ditu Udalak. Apirilean apaiz etxea eraitsi zuen erakundeak, bertan lau etxebizitza berri eraikitzeko. Errebalean, aldiz, laugarren etxe ataria bota eta babestutako lau etxebizitza eraikiko ditu Udalak.