Emakumeak ahalduntzeko jarduerak eta Jabetze Eskolak, urritik abendura Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus 2019ko ira. 16a, 20:40

Jabetze Eskolen barruan zortzi ikastaro eskainiko dituzte abendura bitartean Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak antolatuta. Jabetze Eskoletarako izen-ematea zabalik dago. Horiez gain, beste hainbat jarduera antolatu dituzte, hala nola hitzaldiak, dokumental emanaldiak, emakume haurdunentzat tailerra eta Mintzalilak nahiz Enpalabramiento egitasmoak.

Ikasturte berriarekin batera iritsiko da eskaintza berria Emakumeen Txokora. Beste urte batez, emakumeentzako Jabetze Eskolak antolatu dituzte Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak, baita emakumeak ahalduntzeko beste hainbat jarduera ere. Jabetze Eskolen barruan zortzi ikastaro eskainiko dituzte abendura bitartean, eta honako hauek dira: 

Zaurgarritasunak euskal literaturan: Literaturara hurbiltzeko bi begirada landuko dituzte irakurketa saioetan, Iratxe Retolazaren eskutik. Batetik, zaurgarritasunaren inguruko hausnarketa abiatuko dute. Bestetik, begirada eta irakurketa feminista. Horretarako, hainbat gai jorratzen dituzten literatura testuak irakurriko dituzte: presio sozialak, aniztasun funtzionala, gaixoaldia... Urriaren 29an, azaroaren 5ean eta 26an eta abenduaren 3an izango da ikastaroa, eta bederatzi orduko iraupena izango du. 18:30etik 20:00etara eskainiko dute tailerra.  

Oinarrizko mekanika: Tailer honen helburua da emakumeen konfidantza indartzea eta "maskulinizatutako" esparru batekiko jakin-mina piztea nahiz esperientzia eta autogestioa sustatzea. Parte-hartzaileek autoen gurpilak aldatzen nahiz oinarrizko mantenu lanak egiten ikasiko dute. Egun bateko saioa izango da, baina zortzi orduko iraupena izango du. Urriaren 19an eskainiko dute ikastaroa.  

Batera egin dezagun bidea: Tailer honek joste espazioak berreskuratzea eta beste esanahi bat ematea bilatzen du. Parte-hartzaileei hausnarketa eta eztabaida espazio bat irekiko zaie abarketak egiten ikasten duten bitartean. Urriaren 4tik azaroaren 15era bitartean eskainiko dute tailerra. 

Autodefentsa feminista tailerra: Indarkeria mota ezberdinen aurrean kontzientzia hartzen ikasiko dute parte-hartzaileek, baita erasoen aurrean erantzuteko estrategien gaineko hausnarketa egin ere. 18 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago. Emagin elkarteko formatzaileek eskainiko dute tailerra, azaroaren 23an, larunbatez. Zortzi orduko iraupena izango du ikastaroak, eta bi zatitan egingo dute, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Doakoa izango da. 

Amorrua gorpuztu: Amorruari bidea ixten dioten barne mugak ezagutzeko eta amorruaren botereaz jabetzeko ikastaroa izango da. Era berean, emozioez jabetzeko bidea izango da. Hamabi orduko ikastaroa izango da, urriaren 1etik 22ra eta azaroaren 9an eskainiko du ikastaroa Aran Eransunek. 

Gorputza eta jolasa: Erika Olaizolak eskainiko du ikastaroa, abenduaren 14an. Lau ordu eta erdiko saioa izango da, 09:30etik 14:00etara. Ez da ordaindu beharrik izango.  

Sabel dantza: Jaione Albenizek eskainiko du, eta hamabi orduko iraupena izango du. Urriaren 3tik azaroaren 7ra bitartean eskainiko dituzte saioak, 18:00etatik 20:00etara. Izen-ematea 18 euro ordaindu beharko da. Ikasleek eta langabetuek, berriz, 10 euro. 

Dantza afrikarrak: Anne Agirrek eskainiko du, eta hamabi orduko iraupena izango du. Azaroaren 14tik abenduaren 19ra eskainiko dituzte saioakIzen-ematea 18 euro ordaindu beharko da. Ikasleek eta langabetuek, berriz, 10 euro. 

Dagoeneko ireki dute Jabetze Eskoletan izena emateko epea, eta irailaren 28ra arte egongo da zabalik. Tailerretan parte hartu nahi dutenek Emakumeen Txokoan (Goikokale 12) egin dezakete izen-ematea, bulegora bertaratuta, 943-15 70 55 telefonora deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera mezu bat bidalita. 

Jabetze Eskolen gaineko xehetasun guztiak, hemen

Denetariko ekintzak, emakumeak ahalduntzeko

Jabetze Eskolez gain, beste hainbat jarduera antolatu dituzte Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak datozen hilabeteetarako. Denetariko ekintzak eskainiko dituzte Emakumeen Txokoan nahiz herriko beste txoko batzuetan, eta dagoeneko jakinarazi dituzte horien gaineko xehetasunak. Besteak beste, honako jarduerak prestatu dituzte: Emakume haurdunentzat tailerra, Mintzalilak eta Enpalabramiento egitasmoak, Enfemme eta Comandante Arian dokumenten emanaldiak, Maskulinitatea berritu edo botereari uko egin? hitzaldia, Berdea da more berria liburuaren aurkezpena nahiz Nik sinesten dizut. Bortxaketaren kultura eta Sanferminetako kasua liburuaren aurkezpena. 

Emakumeen Txokoko ekintzen gaineko xehetasun guztiak, hemen.