7.968 bisitari igaro dira Loiolako turismo bulegotik

Uztarria.eus 2019ko ira. 16a, 16:47

Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitarteko epean izandako bisitari kopuruak iazko datuak (7.950 turista) berdindu ditu. Bisitari gehienak espainiarrak izan dira, 4.530, atzerritarrak 2.490 izan dira, eta euskal herritarrak, berriz, 948. Udako turismo datuen balorazio "ona" egin du Iraurgi Berritzen garapen agentziak.

Iraurgi Berritzen garapen agentziak udako turismo datuak jakinarazi ditu, eta uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitarteko epean, 7.968 bisitari igaro dira Loiolako turismo bulegotik. Datuak iazko bisitari kopurua berdindu du. Izan ere, iazko udan 7.950 bisitari izan ziren Loiolako bulegoan. 

Bisitari gehienak, 4.530, espainiarrak izan dira, eta horietatik gehienak Madriletik eta Andaluziatik etorri dira. Bisitarietatik 2.490 atzerritarrak izan dira, Frantziatik, AEBtik eta Belgikatik etorritakoak, batik bat. Azkenik, euskal herritarrak 948 izan dira. Bestalde, uztaila eta abuztuan eskualdeko ostatutak %80an beteta egon dira. 

Iraurgi Berritzenek adierazi duenez, datuak "onak" diren arren, "desestazionalizazioaren" arazoa agertu da eskualdean. Izan ere, turistak opor garaietan kontzentratzen dira, eta horregatik, eskualdeko Turismo sailaren erronka bisitariak "denboran eta espazioan" banatzean egongo dela aurreratu dute. Hau da, batik bat hiriburuan kontzentratzen den bisitari kopurua lurraldean zehar banatu eta denboraldi altuko sasoi horietatik beste hilabeteetara zabaldu nahi dute. "Turismo jasangarriaren oinarriak dira hauek. Zentzu horretan, erakunde publikoekin eta turismo arloko enpresekin elkarlana areagotu eta marketing eta lehiakortasun turistiko estrategietan berrikuntzak txertatzen jarraitzea da tokatzen zaiguna", agertu dute.