Maite Etxezarretak Intza-Ttutturre kilometro bertikala irabazi du

Uztarria.eus 2019ko ira. 14a, 19:10

Maite Etxezarreta azpeitiarra izan da azkarrena gaur III. Intza-Ttutturre kilometro bertikalean. Sokaitz kirol klubeko korrikalariak 47 minutu eta 53 segundo behar izan ditu probako 3,850 kilometroak osatzeko; 963 metroko desnibela gainditu behar izan dute parte hartzaileek, itsas mailatik 319 metro gora dagoen Araitz bailarako Intzatik abiatu eta 1.282 metro dituen Ttutturre mendiaren tontorra harrapatzeko. Etxezarretak minutu erdi pasako aldea atera dio bigarren sailkatu den Maite Zabaletari, eta azpetiarrarengandik ia 40 segundora iritsi da helmugara hirugarren sailkatua, Ainhoa Lendinez. Argazkian, hiru aurrenak ageri dira sari banaketan, Etxezarreta erdian dela.

Jexux Zelaia azpeitiarra ere igo da podiumera Intza-Ttutturre lasterketan. Gizonen beteranoen mailan hirugarrena izan da Zelaia. Gaurko kilometro bertikala Nafarroako zein Euskal Herriko bertikalen txapelketetarako puntuagarria zen, baita Euskal Herriko Mendi Federazioaren rankinerako ere.

(Argazkia: Unai Ugartemendia)