Errepideko istripuen prebentzioaz sentsibilizatzeko 'Don’t be Dummy' programa ezagutuko dute bihar herriko ikasleek

Uztarria.eus 2019ko ira. 12a, 15:24
'Bizitzaz blai' egitasmoaren barruan Soreasun egindako aurkezpen bateko irudia.

Saioan zehar trafiko istripuetan izandako bizipenak kontatuko dituzte Inma Aramendik (udaltzaina), Ibon Errazuk (suhiltzailea) eta Alaitz Arbillak (bizkarrezur-muineko lesioa duen neska). Testigantza horiek lehen pertsonan kontatuko dizkiete ikasleei, abiadura kulturaren inguruan gazteak kontzientziatzea eta auto eta moto istripuak saihestea helburu.

Gazteak trafiko istripuen prebentzioaz sentsibilizatzeko egitasmoa da Dont' be Dummy, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak sustatutakoa. Bihar, ostirala, Azpeitian aurkeztuko dute Don't be Dummy programa, eta aurkezpenean izango dira Iraurgi Ikastetxeko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Urola Ikastolako ikasleak. Soreasu antzokian aurkeztuko dute Segurtasun Sailaren kontzientziazio kanpaina 09:00etan hasita, eta bertan izango dira herriko hiru ikastetxeetako 15 eta 20 urte bitarteko ikasleak. 

Saioan zehar trafiko istripuetan izandako bizipenak kontatuko dituzte Inma Aramendik (udaltzaina), Ibon Errazuk (suhiltzailea) eta Alaitz Arbillak (bizkarrezur-muineko lesioa duen neska). Testigantza horiek lehen pertsonan kontatuko dizkiete ikasleei, abiadura kulturaren inguruan gazteak kontzientziatzea eta auto eta moto istripuak saihestea helburu. Testigantzak entzuteaz gain, hamabi ikus-entzunezko ikusiko dituzte ikasleek biharko saioan. Bideo horietan istripuei lotutako hainbat gai jorratzen dira, hala nola alkohola, lesioak, ospitalea eta lesio motak.  

Eusko Jaurlaritzaren arabera, orain arte, Araba, Bizkaia de Gipuzkoako 41 udalerritan eskaini dituzte kontzientziazio saioak, eta dagoeneko 65 aurkezpenetik gora egin dituzte: "Orotara, 14.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte saioetan eta 70 lekukotik gora ausartu dira beraien esperientzia pertsonala kontatzera".

Helburu berarekin, autoan edo motoan behar baino abiadura handiagoan ibiltzeak izan ditzakeen arriskuez kontzientziatzeko, Azpeitiko Udalak Bizitzaz blai egitasmoa jarri zuen martxan 2017an, aurrez Errezilgo Udalak abiatutako egitasmoari jarraiki.