Gazteria Saileko zerbitzuak, martxan hasteko prest

Uztarria.eus 2019ko ira. 12a, 13:33

Irailaren 23an irekiko dituzte Txiki Txoko eta Iturritxiki ludotekak. Horietan izena emateko epea, aldiz, hilaren 18an irekiko dute. Gaztelekua irailaren 24an irekiko dute, eta ate irekiak egingo dituzte urriaren 1etik 3ra. Hezitzaileek egun horiek aprobetxatuko dituzte nerabeen gurasoak ezagutzeko eta haien izen-emateak jasotzeko. GIBk udako ordutegia izango du irailaren 23ra arte.

Ikasturte berria hasteko prest daude Udaleko Gazteria Saileko zerbitzuak. Iturritxiki eta Txiki Txoko ludotekak nahiz Gaztelekuak eta Gazte Informazio Bulegoak (GIB) hurrengo astean ekingo diote ikasturteari.

Iturri Txiki eta Txiki Txoko ludoteketako ateak irailaren 23an, astelehena, irekiko dituzte. Egun hori iritsi aurretik, baina, erabiltzaileek izena eman beharko dute ikasturtean zehar erabiliko duten ludotekan bertan; izan ere, ezinbestekoa da aurrez izena ematea Gazteria Saileko zerbitzuak erabiltzeko.

Hilaren 18an, asteazkena, irekiko dituzte ludoteketako izen-emateak, eta ostirala, hilak 20, izango da horretarako azken eguna. Asteazkenean, 16:30etik 19:00etara eman beharko dute izena erabiltzaileek. Ostegunean eta ostiralean, berriz, goizez nahiz arratsaldez egongo da izen-ematea egiteko aukera Txiki Txokon zein Iturritxikin: 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era.

Ikasturtean zehar, astelehenetik ostiralera izango dira zabalik Iturritxiki zein Txiki Txoko, 17:00etatik 19:30era. 

Gaztelekuaren inguruko xehetasunak

Ludotekak ez bezala, Gaztelekua irailaren 24an irekiko dute, eta 16:30etik 19:30era egongo da zabalik. Horren aurretik, erabiltzaile berrientzako ate irekiak egingo dituzte irailaren 18tik 20ra. Egun horietan, DBH1eko ikasleentzat 17:00etatik 18:30era egongo da zabalik Gaztelekua, eta beste adinetako erabiltzaileentzat, berriz, 18:30etik 19:30era. 

Azken urteetan bezala, gurasoek Gaztelekua ezagutzeko ate irekiak egingo dituzte urriaren 1etik 3ra. Hezitzaileek egun horiek aprobetxatuko dituzte nerabeen gurasoak ezagutzeko eta haien izen-emateak jasotzeko. Ate irekien egunetan 14:00etatik 19:00etara zabalduko dute Gaztelekua. 

Gazte Informazio Bulegoa

Gazte Informazio Bulegoak udako ordutegia izango du irailaren 23ra arte, hau da, astelehenetik ostiralera goizez egongo da zabalik, 10:00etatik 12:30era. Irailaren 23tik aurrera ohiko ordutegia izango du: Astelehen, asteazken eta ostiral goizetan 10:00etatik 12:30era egongo da zabalik eta astearte eta ostegun arratsaldetan 17:00etatik 19:00etara.