Enparan dorretxearen aurrea eta ondoko zubia oinezkotzeko lanak hasiko dituzte datorren astean

Uztarria.eus 2019ko ira. 6a, 18:31
Enparan dorretxearen aurrealdean obrak hasiko ditu Udalak datorren astean. (Azpeitiko Udala)

Enparan dorretxearen aurrealdea oinezkotu eta Zelai Luzerekln bat egiteko helburuarekin obrak egingo ditu Udalak. Datorren astean hasiko ditu lan horiek, eta obrek eragina izango dute ingurune horretako trafikoan. Obrak bukatutakoan, gaur egun bezala, oinezkoek eta ibilgailuek aukera izango dute bertatik pasatzeko, "baina oinezkoek izango dute lehentasuna", nabarmendu du Aitor Bereziartua zinegotziak.

Enparan dorretxearen aurrealdea eta Enparango zubia oinezkotzeko obrak egingo ditu Udalak, datorren astean hasita. Lan horiek irauten duten bitartean, trafikoan hainbat aldaketa izango dira: ibilgailuentzako Enparan kalerako sarrera Perez Arregi plazatik egokituko dute eta aldika oinezkoentzat itxita izango da pasoa. Urtea bukatzerako lanak bukatuta izatea aurreikusi dute. Asfaltados y Construcciones Morga enpresak egingo ditu lanak, 183.544 euroko aurrekontuarekin.

Obraren helburua da Enparan dorretxearen aurrealdea oinezkotzea eta Zelai Luzerekin bat egitea. Horretarako, lurra altxatu eta adokinak jarriko dituzte, Alde Zaharreko lurraren itxura emanez. Nolabait, Alde Zaharrarekin bat egin nahi du ingurune hori Udalak, hala azaldu du Aitor Bereziartua zinegotziak: "Alde Zaharra oinezkotu zenean, behin-behinean gaur egungo egoeran utzi zen toki hori. Orain, ordea, datorren astean hasiko ditugun lanekin, Enparan dorretxearen ingurua egokitu eta oinezkoei lehentasuna emango diegu. Liburutegia dago Enparan dorretxean, Alde Zaharreko irteera bat ere bada eta oinezko asko ibiltzen da inguru horretan, eta oinezkoek lehentasuna izatea ezinbestekoa iruditzen zaigu". Hala ere, lanak bukatutakoan, ibilgailuentzako pasoa izaten ere jarraituko du Enparan dorretxearen aurreak eta Enparango zubiak.

Horrez gain, herritarrek egindako eskaerei erantzunez, Enparan dorretxea eta Urola ibaiaren arteko Julian Elorza hiribiderako pasabidea konpondu eta irisgarriagoa egingo dute. "Oinezkoen pasabideko lurreko harriak kendu eta gorde egingo ditugu. Gero, espaloia zabaldu eta hiribideko lurzoruko baldosa berdinak jarriko ditugu. Lan horiek oinezkoen pasabide hori irisgarriagoa egiteko helburuarekin egingo dira", gaineratu du Bereziartuak.