Nahia Olaizola: "Eraldatu egiten naiz izotzaren gainean"

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko ira. 4a, 15:00

Gauza jakina da azpeitiarrak hainbat kiroletan aritzen direla: futbolean, saskibaloian, pilotan, autoekin... Baina bada beste herritar bat gutxik esperoko luketeen kirol bat praktikatzen duena: Nahia Olaizolak 13 urte besterik ez ditu, eta Euskadiko txapelduna da patinaje artistikoan.

(Argazkia: Nano Cordovilla)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Patinak jantzi, izotz pistara irten, eta haien gainean jauziak nahiz mugimendu bereziak egiten ditu Nahia Olaizolak (Azpeitia, 2006). Patinaje artistikoa oso kirol sakrifikatua izanagatik, ez zaio aurrera begirako asmorik falta azpeitiarrari; beraz, ez dago esan beharrik gustura aritzen dela. Patinen gainean zer sentitzen duen? "Askatasuna".

Azpeitiar bat patinaje artistikoan. Ez al da bitxia?

Bai. Azpeitian, nik dakidala, beste inor ez da aritzen kirol horretan. Nire klubeko kide gehienak Donostiakoak eta ingurukoak dira: Irungoak, Hondarribikoak, Zarauzkoak...

Noiz hasi zinen kirol hori praktikatzen?

7 urterekin hasi nintzen ikastaroetan parte hartzen, eta 8 urterekin, Donostiako Txuriberri klubean sartu nintzen. Donostian bi klub daude: Txuriberri eta Anoetaizotz. Iaz, Anoetaizotz taldearekin aritu nintzen, eta orain, berriz Txuriberrira aldatu naiz.

Hain txikia izanda, hasi al daiteke patinajea praktikatzen?

Zenbat eta lehenago, are hobeto. Esaten dute 3-4 urterekin hastea dela onena.

Nola oroitzen dituzu hasierako urteak?

Lehenengo patinatzen ikasi behar izan nuen, ez bainekien. Irristatzen, hanka batekin nahiz bestearekin patinatzen... ikasi nuen lehenik, eta pixkanaka, trebatzen eta gauza berriak ikasten joan nintzen.

Hainbeste kirolen artean, zergatik aukeratu zenuen patinaje artistikoa?

Telebistan ikusten nuen txikitan, eta asko gustatzen zitzaidan. Beti esaten omen nuen: "Nik hori nahi dut, nik hori nahi dut". Azpeitian izotz gaineko patinajea praktikatzeko aukerarik ez dagoenez, hasieran ideia baztertu egin zuten nire gurasoek. Baina gero, ikastaroetan apuntatzea pentsatu zuten, eta astean bi egunetan Donostiara eramaten ninduten, ikastolatik ateratzean. Gurasoek pentsatzen zuten segituan aspertuko nintzela; izan ere, bakarrik joaten nintzen Azpeititik, irakasleak ez zekien euskaraz... Baina alderantziz: ez nintzen aspertu, eta gero eta gehiago gustatu zitzaidan kirola.

Zergatik gustatzen zaizu hainbeste?

Ez dakit. Oso gustura sentitzen naiz patinen gainean izotzetan nabilenean. Berez, nahiko lotsatia naiz, baina eraldatu egiten naiz izotzaren gainean. Aske sentitzen naiz.

Joan den ikasturtean, goizean goiz joaten zinen entrenatzera.

Bai, 05:30ean jaikitzen nintzen egunero Donostiara entrenatzera joateko, eta entrenamendua amaitzean, ikastolara joaten nintzen. Baina gogorra egiten zitzaidan egunerokoa, eta horregatik, klubez aldatzea erabaki nuen. Anoetaizotz klubak goizeko ordutegia dauka, eta Txuriberrik arratsaldeakoa; arratsaldeko entrenamenduak ere nahiko berandu izaten dira, baina goizeko ordutegia baino hobeto datorkit. Normalean, astegunetan, 20:30etik 21:30era entrenatzen dut, eta egun batean, 22:00etatik 23:00etara. Larunbatetan eta igandeetan ere entrenamenduak izaten ditut. Astegunetan, eguerdietan ere egoten dira saio batzuk, baina niri ez dit ematen denborarik Donostiaraino joan eta berriz ikastolara etortzeko. Azpeitian bizita, ezin dut nahi dudanean entrenatzera joan, eta horregatik joaten naiz halako ordu arraroetan. Ez dut beste aukerarik: goiza edo iluntzea.

Txapelketetan ere aritzen zara, ezta?

Bai, asteburuetan izaten ditugu lehiak, urtean hamar bat edo. Espainiako txapelketetan parte hartu ohi dut, banaka.

Sari batzuk ere irabazi dituzu azkenaldian.

Bai, Euskadiko txapelketa irabazi dut aurten, nesketan, nire kategorian. Patinaje artistikoan hainbat kategoria daude: eskola mailakoa, erregionala eta nazionala. Eta nazionaletan, bi maila daude: Bigarren Maila eta ISU maila. ISU gorengo maila da, hortik gora ez baitago beste mailarik, eta ni hor aritzen naiz. ISU kategoriaren barruan, maila ezberdinak daude, adinaren arabera banatuta, eta ni 11-15 urte artekoen mailan nago: Novice Advanced izenekoa. Maila horretako Euskadiko txapelketa irabazi nuen martxoan, Gasteizen. Bestalde, Open Jacan bigarren postua eskuratu nuen.

Zer da garrantzitsua ondo patinatzeko?

Diziplina izatea. Egunero entrenatu behar da. Oreka handia, malgutasuna, erresistentzia... behar dira ondo patinatzeko, eta jarraikortasunik ez baduzu, berehala galtzen duzu ikasitakoa. Asteko zazpi egunetan entrenatzen dut nik: lau egunetan ordubeteko saioak izaten ditut, eta beste hiru egunetan, bi ordukoak.

Udan ere ez al diozu entrenatzeari utzi?

Ekainean ez nuen entrenatu, uztailean bai, eta abuztuan bi astez bai eta bi astez ez. Udan, hiru astez Madrilen entrenatu nuen, eta abuztuan, astebetez, Andorran aritu nintzen. Donostiako izotz pista itxi egiten dute hiru hilabetez –ekaina, uztaila eta abuztua–, eta horregatik entrenatu dut kanpoan. Izan ere, abenduan jokatuko dugu Espainiako txapelketa, eta irailean hasiz gero entrenatzen, ez digu denborarik ematen ondo prestatzeko.

Zein da zure ametsa?

Hobetzen joatea da nahi dudana. Eta gero, agian, posible bada, Grand Prix batean parte hartzea.

Zer da Grand Prix bat?

Mundu mailako txapelketak dira, eta patinatzaile oso onek parte hartzen dute horietan. Horretarako, goiko mailetara iritsi behar da, eta urrezko domina behar da.

Piruetak, saltoak eta antzekoak egiten al dituzu?

Bai. Orain, hiruko itzuliak egiten ikasten ari naiz. Hau da, salto egin eta airean hiru itzuli ematea lortzea da nire hurrengo helburua. Momentuz, airean bi itzuli egiten ditut.

Ez al da zaila halako jauziak egitea?

Hasieran bai, baina orain ez zait hala iruditzen. Garai batean, asko mareatzen nintzen itzuliak egiterakoan, baina pixkanaka, ohitzen joan naiz.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu