Jon Gurrutxaga azpeitiarra irabazle, Lizardi bertso sariketako lehen kanporaketan

Uztarria.eus 2019ko abu. 30a, 15:26
Lizardi sariketako lehen kanporaketako parte hartzaileak.

Atzo, osteguna, izan zen Lizardi bertso sariketako lehen kanporaketa Zarautzen, eta Jon Gurrutxaga azpeitiarrak finalerako txartela eskuratu zuen kanporaketa irabazita. Sariketaren finala irailaren 6an, ostirala, izango da, Zarauzko Modelo aretoan.

Abian da Zarauzko Lizardi bertso sariketaren 43. edizioa, eta atzo, osteguna, izan zen lehen kanporaketa. Jon Gurrutxaga azpeitiarrak irabazi zuen kanporaketa 209,5 punturekin, eta finalerako txartela lortu zuen. Bigarren sailkatuari, Aitor Bizkarrari, puntu eta erdiko abantaila atera zion. Guztira, zortzi bertsolarik parte hartu zuten atzoko kanporaketan; Gurrutxagaz gain, Aitor Bizkarra, Sarai Robles, Jokin Bergara, Mikel Tapia, Gorka Pagonabarra, Joritz Bastarrika eta Uxue Alkorta bertsolariak aritu ziren kantuan.

Sariketaren finala Zarauzko Euskal Astearen barruan jokatuko da, irailaren 6an, ostirala, Zarauzko Modelo aretoan, eta txapelketa osoko sei bertsolarik lortuko dute bertan lehiatzea. Saio bakoitzeko bi irabazleak zuzenean sailkatuko dira, eta gainontzeko laurak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.