Inaxio Urbieta: "Jendea laguntzen dugunez, gurea lan ona da"

Uztarria.eus 2019ko abu. 30a, 13:32
Inaxio Urbieta.

Azken hiru urteetan DYAko boluntario eta osasun-teknikari lanetan aritzen da azpeitiarra. Zaintza zerbitzua eskaintzea da haren ohiko egitekoa. Uztarria herri aldizkariaren 219. zenbakian berak erantzun ditu Ane Olaizola kazetariak egindako galderak, Zu zeu atalean.

Zein izaten da egiten duzuen esku-hartzerik ohikoena?

Normalean, zaintza zerbitzua eskaintzea. Ekintzaren bat dagoenean, gutxienez anbulantzia batek egon behar izaten du, eta norbaiti zerbait gertatuz gero, hura artatu behar izaten dugu. Lasterketetan, zezenketetan, partidetan... egoten gara, eta oro har, publikoari zuzendutako zerbitzua izaten da.

Zer da zuretzat lanegun on bat?

Oraindik behintzat, ez zait ezer larririk arta-tzea suertatu; egun lasaiak eduki ditut. Gainera, zerbait gertatuz gero, lantalde profesionala dut ondoan, eta beraz, lasai aritzen naiz boluntario lanetan. Gertaera ohikoena izaten da adineko pertsonei ondoezak ematea, eta halakoetan, pazienteak osasun etxeren batera eramaten ditugu. Jendea lagun-tzen dugunez, gurea lan ona dela esaten dut.

Anekdotarik ba al duzu?

Behin, Eibarko [Gipuzkoa] Ipurua futbol zelaian geunden, futbol partida batean zaintza zerbitzua egiten. Halakoetan, DYAkoak aparteko aulki batean egoten gara, zerbait gertatuz gero, berehala esku har dezagun. Eibar eta Sevilla taldeen arteko partida zen; Sevillak gola sartu zuen eta zaleak ospatzen hasi ziren. Une hartan, harmailetara begira nengoen, eta bat-batean harmaila okertzen eta erortzen hasi zela ikusi nuen. Zorionez, ordea, ez zen ezer larririk gertatu.

Zer ekintzatan egotea duzu nahiago?

Txirrindularitza probetan. Anbulantzian zoazela, norbait artatzen geratzen bazara, gero ziztu bizian abiatu behar duzu berriz txirrindulariengana iristeko. Emozio gehiago egoten da halakoetan. Izan ere, zerbitzua asko alda-tzen da saio batetik bestera. Errezilgo festetako afarian, esaterako, anbulantzia bat eskatzen dute, eta hori ere zaintza zerbitzu ederra izaten da, afaltzen ematen dizutelako.

Zeren arabera erabakitzen duzue sirenak noiz jarri?

Gertaerak izan duen larritasunaren arabera jartzen ditugu sirenak, bulego nagusitik agintzen digute noiz jarri. Kodeen bidez, handik esaten digute argiak, sirenak ala biak batera jarri behar ditugun. Dena den, ahal bada, sirena ez dugu pizten, barruan doana urduri jartzen delako harekin