Oier Etxeberria: "Barregarri ez gelditzea eta gainerako bertsolarien mailan aritzea da nire lehen helburua"

Uztarria.eus 2019ko ira. 13a, 10:17
Oier Etxeberria bertsolaria.

Oier Etxeberria (Azpeitia, 1997) lehen aldiz ariko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Sailkapen fasean lortutako puntuak tarteko, Amasa-Villabonan abestuko du igandean, 17:00etan hasita. Harekin batera izango dira agertokian Beñat Iguaran, Iban Urdangarin, Iñigo Mantzizidor Mantxi, Maialen Akizu eta Odei Lopez. Iganderako "gogotsu" badago ere, "beldur pixka bat" baduela aitortu dio Etxeberriak Uztarria.eus-i.

Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea igarota ariko zara txapelketan. Espero al zenuen sailkatzerik?

Egia esan, ez nekien zer pasa zitekeen. Ikusten nuen gure bertso eskolako kideen eta lagunen artetik zortea zutenak aurrera egiten ari zirela, eta zorterik ez zutenak, berriz, kanpoan gelditzen ari zirela. Eguna tokatu zitzaidan niri; saio ona atera zitzaidan, eta aurrera egitea lortu nuen. Beste aldera ere atera zitekeen; normalean hala izaten da. Finean, arratsalde bateko bi ordu izaten dira saioa, eta espero edo ez, han egiten duzunaren araberakoa izaten da sailkatzea.

Gustura aritu al zara sailkapen fasean?

Bai. Ez zen izugarrizko saioa izan, baina sailkatzeko adinakoa bai. Pare bat ariketarekin gustura gelditu nintzen, eta sentipen onarekin bukatu nuen saioa.

Gipuzkoako Txapelketan ariko zaren aurreneko aldia da, ezta?

Izena eman dudan bigarren aldia da. Duela lau urte ere parte hartu nuen gutxieneko adina banuelako, baina ez nintzen txapelketara sailkatu. Adin beretsukoak eta ingurukoak garen bertsolariok ez genuen aurrera egiterik izan orain lau urte, baina aurten bai, txapelketan ariko gara bat baino gehiago, hala nola Unai Izagirre, Aitor Salegi eta ni. Eta gure adin bueltako bertsolari gehiago ere izango dira txapelketan.

Belaunaldi aldaketa badatorrela esan nahi al du horrek?

Gutxienik, esan nahi du kantuan ari den jende gehiago badela. Niri, adibidez, Iñaki Zelaiarekin eta Iñigo Mantzizidorrekin [Mantxi] kantatzea egokitu zait txapelketako lehen saioan, eta horiekin dezenteko adin tartea daukat; ez noa adina esatera, baina helduagoak dira [barrez].

Txapelketaren atarian, lehen aldia izanik, bertigo punturik bai?

Bai, baina beste edozein saiotarako izango nukeenaren parekoa. Txapelketa txapelketa da, baina...

Amasa-Villabonan abestuko duzu igandean. Nola ikusten duzu saioa?

Aretoa-eta ez ditut ezagutzen, eta kantu kideei dagokienez, batzuekin aritutakoa naiz. Mantxirekin, adibidez, sailkapen fasean abestu nuen. Zozketa egin zenean saioak banan-banan begiratzen aritu ginen, eta denak iruditzen zitzaizkigun saio indartsuak; ikusiko dugu zer ateratzen den. Gustura nago egokitu zaidan taldearekin. Uste dut saio polita atera daitekeela.

Zer helburu jarri diozu zure buruari?

Lehen-lehenik, barregarri ez gelditzea eta gainerako bertsolarien mailan aritzea. Hortik aurrera, neure buruarekin gustura gelditzeko moduko saioa egindako edo ariketaren batekin asmatutako sentipenarekin geldituz gero, listo.

Hurrengo fasera pasatzeko aukerarik ikusten al duzu?

Ez... Final zortzirenetako saio bakoitzeko irabazleak eta puntuazioaren arabera beste hamazazpi bertsolari igaroko dira final laurdenetara.

Zer da zuretzat Gipuzkoako Txapelketa?

Lau urtez behingotasun handia duen zerbait. Olatu bat da, lau urtez behin etortzen dena eta jende pila bat Ilunbera eramaten duena, baina aldi berean, ondorengo lau urteetan agertzen ez dena. Oso-oso noizik eta behingo zerbait da. Beti egoten dira txapelketaren olatua hartzen duten bertsolariak eta ondo aprobetxatzen dutenak, baina gehiengoa txapelketa pasatu, ito pasara hartu eta olatutik kanpo gelditzen da. Dena den, aipatu moduan, aukera oso ona ere bada txapelketa; bi saio on egiten badituzu, eta aurrera iristen bazara, aukera oso ona izan daiteke.

Nola ari zara txapelketa prestatzen?

Esaten den moduan, jardunda [barrez]. Alderik txarrena izan da tartean uda egokitu dela, eta bateko saninazioak, besteko andramariak eta bertso laguna batera edo bestera dijoala, prestaketei jarraikortasun ematea kostatu egin zaigu. 

Norekin ari zara prestatzen?

Aitor Salegirekin, Julene Iturberekin, Jon Gurrutxagarekin, Unai Izagirrekin... Adin bueltan gauden bertsolariak elkartzen gara. Eta beteranoek ere laguntzen digute ahal dutenean.

Txapelketan zer gairen bueltan kantatzea gustatuko litzaizuke?

Gaia zenbat eta arinagoa, errazagoa da kantatzea. Zenbat eta gai sakonago... Gai sakon horiekin asko asmatuz gero edo marabillak eginez gero, oso politak dira. Baina halako gaiak normalean oso pantanosoak izaten dira. Bertsolari batzuek liburuak idazten dituzte halako gaiekin, baina bertsoak bukatzen nahikoa lan baldin baduzu... Nik nahiago dut egunerokotasunarekin zerikusia duten edo axalekoagoak diren gaiei buruz kantatzea; erosoago ez dakit, baina seguruago sentitzen naiz halakoetan.

Umorea edo sakontasuna nahiago?

Ahal bada, umorea jorratzea nahiko nuke. Umorea denek ulertzen dute, eta jendeari barrea ateratzen bazaio, agertokian dagoena ere laster konturatzen da horrekin. Bertsoa txarra bada ikus-entzule denei nabaritzen zaie, baita bertsoak grazia baldin badu ere.

Txapelketako ariketei dagokionez, zer azpimarratuko zenuke?

Ondo dakidan gauza bakarra da bakarkako ariketan hiru bertso kantatu behar ditudala. Kartzelan hiru bertso kantatu beharko ditugu, eta hori da aldaketa handiena; izan ere, sailkapen fasean bi bertso abestu ditugu bakarkakoan. Hiru bertso izateak asko aldatzen du ariketari aurre egiteko modua; bi bertsoko ariketa arinagoa da. Esaten da bi bertsotan ez duzula istorio bat garatu beharrik; aurkezpenarekin eta emaitzarekin nahikoa da. Hiru bertsok, baina, exijitzen dute istorio bat edo pertsonai bat sortzea; oso zaila da ideia sinple batekin hiru bertso betetzea. Nire ustez, bertso batetik bitara baino salto handiagoa dago bi bertsotik hirutara. Uste dut buruko min gehiena bakarkakoak eragingo didala.