Elizkaleko hiru eraikin zahar eraisten hasi dira alokairurako hamabi etxebizitza egiteko

Uztarria.eus 2019ko abu. 29a, 17:20

Azpeitiko Udalak hiru etxe-atari erosi zituen Elizkalean 2017. urtean, etxe hutsetatik abiatutako etxebizitza politika garatzeko eta Alde Zaharra biziberritzea xede. Zehazki, Elizkaleko 24, 26 eta 28 zenbakidun etxe-atariak erosi zituen erakundeak, bertan alokairura bideratutako hamabi etxebizitza eraikitzeko. Aste honen hasieran ekin zioten eraikin zaharrak eraisteko lanei, eta obra horiek direla eta, hainbat egunez kalea itxiko dute ibilgailuentzat.

Udalak azaldu duenez, "babestutako etxebizitzen aldeko apustu sendoa" egin du erakundeak azken urteotan: "Esklabak Iturzulo eremuan 62 etxebizitza babestu –babes ofizialekoak eta Udal sustapenekoak– esleituta ditu Udalak, eta eremu horretako bigarren fasea ere aurre lanketan da". Alde Zaharra "biziberritzeko", aldiz, hainbat lan egin ditu Udalak. Apirilean apaiz etxea eraitsi zuen erakundeak, bertan lau etxebizitza berri eraikitzeko. Errebalean, aldiz, laugarren etxe ataria bota eta babestutako lau etxebizitza eraikiko ditu Udalak.