Bazkariarekin hasi dituzte Goikokaleko festak

Uztarria.eus 2019ko abu. 28a, 18:14

Giro ederrean hasi dituzte San Agustin festak Goikokalen. Eguerdian, bazkaria egin dute dozena inguru lagunek Sanagustin kulturgunean, eta gozatu ederra hartu dute han bildutakoek. Bihar jarraituko dute jaiek, Fideo de Mileton 22:30ean hasita egingo duten dardo txapelketarekin. Zapaturako, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute. 12:00etan botako dute suziria Goikokaleko plazatik, eta ondoren, mokadua egingo dute bertan. Gainera, zozketak ere egingo dituzte, urtero moduan. Arratsaldean, IV. Goikokaleko Mus Txapelketa izango da Sanagustinen, eta 17:00etan, umeentzat jolasak. Egunari bukaera emateko, parrillada egingo dute 60tik gora lagunek, eta trikitilarien emanaldia ere izango da.