Saihesbideko behin-behineko geltokia erabiliko dute gaur ere autobusek

Uztarria.eus 2019ko abu. 5a, 18:00
Autobusa Burdinbidearen Euskal Museoaren parean. Gaur ere ez dute hango geltokia erabiliko. (La Guipuzcoana)

Burdinbidearen Euskal Museoko eta Julian Elorza kaleko geltokiak ezin dituzte oraindik erabili, Foru Ibilbidea autobusentzat itxita dagoelako.

Hasieran esandakotik egun bat luzatuko dute, azkenean, saihesbideko behin-behineko autobus geltokiaren erabilpena. Festak zirela eta, uztailaren 24tik abuztuaren 4a arte autobusek ezin izan dute herri barruko ohiko ibilbidea egin; hori dela eta, Burdinbidearen Euskal Museoko eta Julian Elorza kaleko geltokiak bertan behera gelditu dira aipatutako egun tartean, eta museoko oinezkoen pasabidearen parean gelditu dira autobusak, saihesbidean.

Berez, gaur itzuli behar ziren autobusak ohiko ibilbidera, baina ez da horrela izan. La Guipuzcoana enpresak eguerdian jakinarazi du gaur ere saihesbidean ari direla gelditzen autobusak, "Azpeitiko Udaltzaingoak jakinarazi" duenez, gaur ere autobusentzat itxita dagoelako Foru Ibilbidea.