San Inazio bigarrenean emakumeen pilota jaialdiak hartuko du Frontoi Txikia

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko uzt. 29a, 11:49

18:30etik aurrera, bertso pilota mistoa jokatuko dute Iñaki Esnal eta Patri Espinarrek eta Egoitz Amantegi eta Maider Mendizabalek osatutako bikoteek, eta haien norgehiagokaren ostean, Nagore Aramendi eta Oihana Orbegozo azpeitiarrek osatutako bikoteak Eneritz Arrieta eta Amaia Vicarioren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, emakumezkoen pilota jaialdiak hartuko du ostegunean, San Inazio bigarrenean, Frontoi Txikia. Emakumeak kirol klubak antolatuta, bertso pilota mistoa jokatuko dute Iñaki Esnal eta Patri Espinarrek eta Egoitz Amantegi eta Maider Mendizabalek osatutako bikoteek, eta norgehiagoka girotzen arituko da Andoni Egaña bertsolaria. Horren ostean, ohiko binaka pilota partida jokatuko dute, eta azpeitiarrak izango dira protagonista kantxan; izan ere, Nagore Aramendi eta Oihana Orbegozo azpeitiarrek osatutako bikoteak Eneritz Arrieta eta Amaia Vicarioren aurka neurtuko dituzte indarrak, eta Iratxe Ibarra bertsolaria izango dute lagun neurketan. 18:30ean hasiko dira partidak.

Bezperan, berriz, gizonezko pilotari profesionalen txanda izango da. 22:30ean hasita, Alberdi eta Aranguren Egiguren V.aren eta Erostarberen kontra ariko dira lehen partidan. Norgehiagoka nagusian, berriz, Olaizola II.ak eta Albisuk Altuna III.aren eta Zabaletaren kontra neurtuko dituzte indarrak.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu