Begiak argitu, gutxi jasota ere

Gipuzkoako Hitza 2019ko uzt. 20a, 12:53
Miren Gurrutxaga artxiboko irudi batean. (HABE Ikasbil)

Boluntario falta sumatze ari dira adineko pertsonei laguntzeko elkarteetan. Boluntario lanak herritarren ardura izan beharko luketeela iritzita, jende bila dabil Sareginez plataforma. Gizalde boluntariotza elkarteko kidea da Miren Gurrutxaga azpeitiarra, eta harekin nahiz Hurkoa fundazioko Begoña Zubimendirekin hitz egin du Udane Arbeo kazetariak Gipuzkoako Hitzarako egin duen erreportajean.

Boluntario gisa noiz hasi zen ez daki Miren Gurrutxagak (Azpeitia, 1968). 14 urterekin, jada, boluntario gisa ari zen mendizaleen elkartean. "Era informalean aritzen nintzen, gizarteko parte hartzea era zabalean ulertuta". Hainbat boluntariotza egin ditu bizitzan: Gizakia Helburun, Hezkide Eskolan eta Caritasen, besteak beste. Aitortu du herritar guztien ardura dela boluntariotza, eta, nahi izanez gero, denek aurki dezaketela denbora.

Bi boluntario mota daude Gurrutxagaren arabera: bata, kontzienteki boluntarioa dena, begirada berezi bat duelako eta inguruan dauden arazoak ikusteko gaitasuna duelako. "Ikusten duzunaren arabera, horren partaide izatera bultzatzen zaitu". Eta bestea, "dena delakoagatik", boluntario izatera iristen dena. "Begirada berezia izatera bultzatzen zaitu horrek".

Duela hamabi urte sortu zen Sareginez plataforma, boluntariotza programak dituzten arlo eta kolektibo ezberdinekin lan egiten duten elkarteen sarea; egun, hogei elkartek osatzen dute. Gizartean boluntariotza sustatzeko eta bistaratzeko sortu zen, nahiz elkarte bakoitzak bere egitura duen: Hurkoa fundazioak, Afagik, Nagusilanek, Adinkidek, Gurutze Gorriak, DYAk, Caritasek eta Gizaldek, besteak beste.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eman zuen sarea sortzeko lehen pausoa, boluntariotza elkarteak batzen zituen sarerik ez zegoela ikusita. Gaur egun, guztiz autonomoa da erakundea, baina, hori bai, aldundiaren laguntza jasotzen du oraindik ere. 2017ko datuen arabera, gipuzkoarren %14 ari dira batean edo bestean boluntario lanetan. 2012an, berriz, gipuzkoarren %8,2 ari ziren boluntario lanetan.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.