Hasi da XVI. Azpeitiko Auto Klasikoen Rallya

Uztarria.eus 2019ko uzt. 20a, 15:17

Gaur, zapatua, ari dira egiten Azpeitiko Auto Klasikoen Rallyaren XVI. edizioa. Epaitegiaren aurreko plazatxoan elkartu dira parte-hartzaileak, eta dozenaka auto izan dira ikusgai bertan. Ikusmina sortu du rallya hasi aurreko autoen erakusketak, eta hainbat lagun izan da 25 urte baino gehiago dituzten ibilgailuak ikusten. Beste urte batez, Maykel del Cid omenduko dute, Lagun-Artea eskuderiak antolatzen zituen lasterketa guztiak zuzentzen zituena eta 2015. urtean hil zena. Ia 80 taldek parte hartuko dute omenaldian.

11:00etan hasi dira parte-hartzaileak banan-banan plazatik ateratzen. Urraki, Altzo-Abaltzisketa eta Zerain-Barbari ibilbidea egin ostean, 14:00etan, bazkaltzeko tartea hartuko dute gidariek. Ondoren, Matxinbenta, Errezil-Bidania-Goiatz eta Andazarrate igaroko dituzte, eta Aiara iritsiko dira. Segidan, Andatzara joango dira, eta 19:00etan, Zestoara iritsiko dira.

Atseden txiki bat egin ostean, Etumetara eta Madariaga joango dira, eta 20:10 aldera amaituko dute proba, Azpeitiko epaitegiaren aurreko plazan. Leku berean egingo dute sari banaketa ekitaldia ere, 21:00etan. Besteak beste, faboritoen artean dira Txema Foronda eta Pilar Rodas –azken hiru edizioetako irabazleak–, 1987ko BMW 325ix autoarekin; Ignacio Jose Ruiz de Infante eta Ivan Prieto, 1987ko Ford Fiesta XR2 autoarekin eta Imanol Cengotita eta Joseba Rodriguez, 1986ko Peugeot 205 autoarekin.

Rallyan garrantzitsuena ez da autoen abiadura izango; izan ere, 50 kilometro orduko abiadura izango da ibilgailuek harrapatu ahal izango duten abiadurarik handiena. Horregatik, gidariek eta kopilotuek erregularrak izateko duten abilezia izango da garrantzitsuena. Guztira, 277 kilometroko ibilbidea osatuko dute ibilgailuek. Trafikoa gelditu gabe egingo dute lasterketa, eta hori da probaren ezaugarri nagusietako bat. Hori bai, antolatzaileek herritarrei eskatu diete parte hartzaileei “ahal duten neurrian” pasatzen uzteko.

Ikusi gaur goizeko irudiak: