Errazkinen eta Intxaurrandietaren aldeko ebazpenari helegitea jartzea baztertu du GHK-k

Uztarria.eus 2019ko uzt. 19a, 16:42
Errazkin eta Intxaurrandieta Azpeitian egindako ekitaldi batean.

Espainiako Kontu Auzitegiak ekainean berretsi zuen Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiaren eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidente ohiaren aldeko epaia. GHK-k txosten juridiko bat eskatu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean beste helegite bat jarri edo ez aztertzeko, eta gaur erabaki du Bilduko bi agintari ohien aurka ez egitea, txostenaren arabera, ez delako "arrazoizkoa" aurrera segitzea.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) gaur erabaki du Espainiako Kontu Auzitegiak emandako Iñaki Errazkinen eta Ainhoa Intxaurrandietaren aldeko ebazpenari ez diola helegiterik jarriko. Espainiako Kontu Auzitegiak Errazkin Ingurumen diputatu ohiaren eta Intxaurrandieta GHK-ko presidente ohiaren aldeko epaia berretsi zuen joan zen ekainaren 4an, eta GHK-k esan zuen aztertuko zuela Espainiako Auzitegi Gorenean beste helegite bat jarri edo ez. Txosten juridikoa eskatu zuen GHK-k, eta hain zuzen ere, gaurko asanbladan aztertu dute txosten hori. Helegiterik ez aurkeztea ebatzi dute, txostenaren arabera, ez delako "arrazoizkoa" aurrera segitzea.

Aurreko agintaldian EAJ eta PSE-EE agintean zirela, GHK-k auzitegi horretara jotzea erabaki zuen, EH Bilduk 2011-2015 agintaldian erraustegiaren proiektua gelditzea erabaki zuelako. EAJk eta PSE-EEk Kontu Auzitegian salatu zituzten Intxaurrandieta eta Errazkin, hartu zuten erabakia okerra izan zela argudiatuta. Auzitara eraman zituzten bi agintari ohiak, botere desbideraketa larria egin zutela leporatuta, eta erraustegiaren azpiegituraren lanak gelditu izanak eragindako diru galderak beren gain har zitzaten nahi zuen GHK-k: 46 milioi euro, hango agintarien arabera.

Bi bidetatik jo zuen GHK-k auzitara: batetik, ohiko auzitegietatik; eta bestetik, Kontu Auzitegitik. Lehen bide hura joan zen urtarrilean iritsi zen bukaerara; izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen baliogabea izan zela erraustegiaren kontratua bertan behera uzteko erabakia. Kontu Auzitegian, berriz, botere desbideraketa larria egiteagatik salatu zituenBilduko bi agintari ohiak GHK-k, baina kasu horretan, auzitegiak Errazkini eta Intxaurrandietari eman die arrazoia bigarrenez. Izan ere, joan zen urriaren 10ean ere haien aldeko ebazpena eman zuen auzitegi horrek.