Azpeititik igaro dira Ehunmilak probako lasterkariak

Uztarria.eus 2019ko uzt. 13a, 12:52

Atzo, ostirala, Ehunmilak Ultra Trailaren hamargarren edizioa abiatu zen Beasaindik 18:00etan, eta inguruko hainbat herri igaro ostean, Azpeitira iritsi ziren parte hartzaileak. Gauerdian pasa zen lehen korrikalaria Azpeitiko plazatik, Jon Aizpuru, hain zuzen ere; handik minutu batzuetara iritsi zen bigarren korrikalaria, Unai Dorronsoro; hirugarren, berriz, Javi Dominguez igaro zen.

Xoxotetik behera jaitsi ziren parte hartzaileak plazara, Azoka Plazan indarrak hartzeko jan-edan postua eta medikuak baitzituzten. Ondoren, Zelatun aldera jarraitu zuten lehiakideek. Ikusmina sortu zuen probak herritarren artean, eta gauerdia izanagatik, herritar mordoa gerturatu zen korrikalariak ikustera.

Ehunmilak lasterketan zazpi azpeitiarrek parte hartu dute aurtengo edizioan; hain zuzen ere, Ibon Lazkano, Joxelu Albizuri, Ugaitz Agirregomezkorta, Haritz Iturbe, Aitor Cordoba, Artzai Ostolaza eta Oskar Alkorta atera dira proban. 

Hona hemen Ehunmilak probako lasterkarien argazki bilduma: