Nerea Azpiazu: "G2H egiteko egundoko gogoarekin nago"

Urola Kostako Hitza 2019ko uzt. 10a, 12:47
Nerea Azpiazu. (Nerea Uranga)

Iaz ere irten zuen azpeitiarrak Goierriko Bi Handietan, baina lasterketa bertan behera gelditu zenez, ezin izan zuen egin. Har horrekin gelditu eta aurten berriro izena eman du. Probarako gogoz gainezka dago. Goierriko Hitzak Ehunmilak probaren inguruan argitaratu duen gehigarrian kaleratutako elkarrizketa da honakoa; Urola Kostako Hitzaren papereko edizioan ere banatu da.

Gogo handiarekin dago Nerea Azpiazu (Azpeitia, 1976) Goierriko Bi Handiak egiteko, "oso motibatuta". Hain distantzia luzeko (88 kilometro) probarik ez du inoiz egin, eta erronka du bukatzea. Ibilbidearen gaueko zatian bakarrik gelditzeari dio beldur pixka bat, baina gainontzean animo faltarik ez du.

Goierriko Bi Handietan irtengo duzu, zergatik?

Iaz izugarrizko ilusioa neukan proban parte hartzeko, entrenatzen topera eta oso gustura ibili nintzen. Irten nuen, baina ekaitzagatik lasterketa bertan behera utzi zuten; Larraitzen geldiarazi gintuzten gu. Antolatzaileen erabakia zentzuzkoa izan zen, baina izugarrizko pena neukan. Ar horrekin gelditu nintzen, eta aurten berriro izena emango nuela garbi neukan.

Aurten berriro izena eman zenuen, baina itxaron zerrendan gelditu zinen hasieran.

Bai, bost minututan inskripzioa bukatu egin zen, eta itxaron zerrendan gelditu nintzen, ia 40.a. Zain egon behar izan nuen ia martxora arte, orduan abisatu zidaten zerrenda aurrera zihoala eta inskripzioa egin behar nuela. Aurretik, ordea, entrenatzen hasita nengoen tokatuko zitzaidanaren esperantza horrekin.

Zer berezitasun dauka lasterketa honek zuretzat?

Nik inoiz ez dut egin horrelako distantzia luzeko lasterketarik eta erronka bat da. Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak... sekulako izen ona dute, eta egin dituzten guztiak oso gustura gelditu dira, antolaketarekin eta ibilbidearekin. Azkenean, mendiko lasterketak egiten hasten zara, zirkulu batean sartu, engantxatu, eta pixka bat gehiago egitea nahi izaten da.

G2Hrako zer helburu jarri diozu zeure buruari?

Ez dut inoiz egin, eta ez daukat erreferentziarik. Beraz, ez dakit. Taldean nire antzera ibili den jendeari galdezka jardun dut, eta 16-17 ordutan egitea nahiko nuke. Baina horrenbeste ordutan hainbat kontu gerta daiteke, hankak direla, urdaila, burua... Dena den, erritmo eroso bat hartu eta bukatzea dut helburu nagusia. Proba egitea izugarria izango litzateke.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.