Agur beroa Urrestillako sanjuanei

Uztarria.eus | Festak
2019ko eka. 27a, 12:42

Sei eguneko festa segidaren ondoren, atzo iluntzean agurtu zituzten aurtengo sanjuanak Urrestillan. Bero sapari ahal moduan aurre eginez gauzatu zituzten festa egitarauaren azken hitzorduak. Gainontzekoek baino are bero gehiago jasan zuten, hori bai, patata tortilla lehiaketan parte hartu zuten lagunek. Zortzi tortilla dastatu zituzten epaimahaikideek, nahiz eta horietako bat ez zen azkenean lehiaketan sartu, epez kanpo aurkeztu zutelako. Tortillarik gozoena, berriz, Sarai Aranburuk eta Ane Aizpuruk prestatutakoa zela ebatzi zuten epaileek. Hori eta gainerakoak, beste hainbat jakirekin batera, dastatu zituzten lehiaketaren ondorengo afari meriendan.

Eta indarrak berrituta, San Juan arbola bota eta festak bukatzeko ordua iritsi zen bederatziak aldera. Aurten ere Mikel Larrañaga izan da aizkorarekin lizarra moztu duena; San Juan bezperan sartu aurretik nola, zuhaitza bota ondoren hura sorbaldetan hartuta kalejiran ibili zuten, sanjuanak datorren urtera arte agurtuz.

Ikusi argazki guztiak haundiago

 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu