Sara Zozayaren eta Ainhoa Larrañagaren kontzertuak izango dira gaur Sanagustinen

Uztarria.eus 2019ko eka. 28a, 11:30

Bi artista gazteren musika doinuak entzun ahal izango dira gaur, ostirala, Sanagustin Kulturgunean, 19:30ean hasita. Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren barruan eskainiko dituzte kontzertuak.

Ainhoa Larrañaga hernaniarrak eta Sara Zozaya donostiarrak musikaz beteko dute gaur, ostirala, Sanagustin kulturgunea. Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren barruan eskainiko dituzte kontzertuak bi musikariek 19:30ean hasita, eta sarrera doakoa izango da. Ibilbide ezberdinak jorratu duten bi musikari gazteen melodiak entzuteko aukera izango da Sanagustinen.

Sara Zozaya akordeoiarekin hasi zen musikaren munduan. Piazzolla jotzen aritu ostean, 12 urterekin bere kantak sortzeari ekin zion, gitarra eta teklatuaren laguntzaz. Orain, Nerabe taldeko abeslaria izateaz gain, bakarkako bideari ekitea erabaki du Zozayak. Lehenengo EP laburra 2018ko abenduan atera zuen, eta Mondo Sonoro aldizkariak urteko demo onenen zazpigarren postuan sailkatu zuen artista donostiarraren III disko labur intimista eta progresiboa. Gaur egun, bere EPko abestiak aurkezteko kontzertu ugari ematen ari da, eta aldi berean, urte amaieran argitaratuko duen disko berriaren abestiak konposatzen ere bai.

Ainhoa Larrañagak ibilbide berria hasiko du musikan; izan ere, bakarkako diskoa kaleratu du. Telebistako Kantugiro lehiaketa irabazi zuen eta Ba!goaz programan couch izan zen bi urtez. Hainbat kolaborazio egin du Joxan Goikoetxea eta Iker Lauroba musikarien disko berrietan, eta musikari izateaz gain, aktorea ere bada; Go!azen telesaileko aktore izan da, eta bi urte daramatza Go!azen-eko antzerki lanetan.