Jai giroan agurtu dute denboraldia Iraurgi Saskibaloi Taldeko kideek

Uztarria.eus 2019ko eka. 22a, 21:29

Iraurgi Saskibaloi Taldeak gaur egin du 2018-2019 denboraldiaren bukaerako bazkaria. Hori dela eta, goizean, ohiko moduan, Oñatzera igoera egin dute hainbat jokalarik, eta ondoren egin dute bazkaria Loiola Hotelean. Bazkalostean, hainbat sari banatu dituzte, hala nola talde bakoitzeko jokalaririk aipagarrienarena. Han izan dira Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Angel Martin Azkoitiko zinegotzia, eta haiek ere arduratu dira hainbat sari banatzeaz Maier Lizaso Iraurgiko lehendakariarekin batera.

Honako hauek dira aurtengo sarituak, taldeka: Ibon Guridi (Disdira bitxitegia), Iñigo Elorza (Errotaundi okindegia), Ainara Iturralde (Txintxu gozotegia), Manex Ansorregi (Alter Consulting), Aitor Samaniego (CPK kaldereria), Miren Ezama (Fundibide), June Zubiaurre (Inar Optika), Igor Olazabal (Grupo Zaher), Eñaut Lizaso (Iragaz), Eneka Larrañaga (Movilteck), Itziar Bastida (Fiskalan) eta Sara Bastida (No+Vello).

Sari banaketa bukaeran, ISBk oroigarri bana eman dizkie gizonen eta emakumeen talde nagusien babesle diren enpresetako ordezkariei, eta omenaldietarako unea ere izan da; izan ere, hainbat urtez emakumeen lehen taldean jokatu duen Garazi Arregik saskibaloia utzi du denboraldia bukatzearekin, eta hari ere omenalditxoa egin diote klubeko ordezkariek nahiz jokalariek. Oroigarri bat eman diote Arregiri, eta gainera, Jose Luis Zubizarreta Xubi ISBko kideak bertso bat abestu dio azpeitiarrari.

Hona hemen, gaurko ISBren eguneko irudi batzuk: