Natura eta artea uztartuko dituzten saioak antolatu ditu Ekoetxeak datozen asteetarako

Uztarria.eus 2019ko eka. 24a, 11:44
Iazko artoaren tailerreko irudia.

Besteak beste, eskuekin zein oinekin margotzeko, kartoian elementuak pintatzeko, margolan lehiaketan parte hartzeko nahiz murala margotzeko aukera izango dute umeek datozen lau larunbatetan Ekoetxean. Saioak doakoak dira, baina aurrez izena eman behar da Ekoetxeara deituta. Abuztuaren 25ean, berriz, artoaren inguruko tailerra egingo dute.

Azpeitiko Ekoetxeak natura eta artea gai hartuta, familiei zuzendutako lau hitzordu jarri ditu ekainerako eta uztailerako. Lehena datorren zapatuan izango da, Margotuz esperimentatu izenburupean, eta 3 eta 4 urteko umeek nahiz 5 eta 7 urte bitartekoek eskuekin nahiz oinekin margotzeko aukera izango dute, 10:30etik 12:30era bitartean. Saioaren helburua da umeek margoekin eta naturarekin esperimentatzea. Bigarren tailerra, berriz, uztailaren 6an, larunbatez, izango da: Natura margotuz. Adin mugarik ez dute jarri saiorako, eta umeek kartoietan Ekoetxearen inguruan dauden elementuak kartoietan margotuko dituzte 10:30etik 12:30era.

Hirugarren saioa berezia izango da; izan ere, aire zabaleko pintura lehiaketa antolatu du Ekoetxeak uztailaren 13rako (zapatua). Bi taldetan egingo dute sariketa, eta horietan, gehienez, hogeina lagunek parte hartu ahal izango dute. Lehen taldea 8 eta 12 urte arteko gaztetxoek osatuko dute, eta 12tik gorakoek bigarrena. Horiei materiala emango diete 10:30ean, hala nola lientzoa, kaballetea, margo akrilikoak eta pintzelak, eta Ekoetxea Azpeitia gai hartuta marraztu beharko dute parte-hartzaileek 12:30era bitartean.

Lehiaketako parte-hartzaileek aurreko astean hasitako margolanak bukatzeko aukera izango dute hilaren 20an, 10:30etik aurrera. Eta sari banaketa ekitaldia ere egun horretan egingo dute, 12:30ean hasita. Dena den, sari banaketaren aurretik eta margolanak bukatu ostean, mural margoketa egingo dute. Kkartoi baten gainean egingo dute bukatzean Ekoetxean jarriko duten murala. Gainera, lehiaketara aurkeztutako margolanen erakusketa ere jarriko dute.

Saio guzti horietarako izena tailer bakoitza baino bi egun lehenagorako eman beharko da Azpeitiko Ekoetxeako 943-81 24 48 telefono zenbakira deituta; tailer oro doakoa izango da.

Artoaren tailerra, abuztuan

Ekainean eta uztailean lau tailer izango dira, eta abuztuan beste bat. Iazko moduan, artoaren tailerra antolatu du Ekoetxeak abuztuaren 25erako, igandea. 11:00etatik 12:30era bitartean artoa aletzeko, ehotzeko, artaburu hostoekin eskulanak gauzatzeko eta taloak egiteko aukera izango dute 6 eta 12 urte bitarteko umeek eta horien familiek. Saiorako izen-ematea abuztuaren 23an itxiko dute. Beraz, egun horretara bitartean eman beharko dute izena tailerrean parte hartu nahi duten herritarrek, Ekoetxeako 943-81 24 48 telefono zenbakira deituta.