Euskal Herriko Musika Bulegoko lehendakari izendatu dute Aitor Bengoetxea

Uztarria.eus 2019ko eka. 21a, 17:50
Musika Bulegoaren atzoko aurkezpeneko irudia; ezkerretik hirugarrena da Bengoetxea. (MIE)

Musika Bulegoa musika jarduera sustatzeko eta hobetzeko sortutako lankidetza proiektua da. Lau elkartek sortu zuten proiektua: Kultura Livek, MIEk, Musikarik eta Musikagileak. Elkarteko kideek azaldu dutenez, "ilusioz betetako" fase berri bati ekin diote. Bengoetxea Kulturaz kooperatibako kidea da, eta kooperatiba horrek kudeatzen duen Sanagustin kulturgunea Kultura Liveko aretoa.

Euskal Herriko Musika Bulegoak (EHMBE) egitura berritu eta proiektu berria aurkeztu ditu, eta Aitor Bengoetxea Ondarru izendatu dute elkartearen lehendakari. 2015ean sortu zuten Musika Bulegoa musikari lotutako lau elkartek: Kultura Live (Euskal Herriko Musika Aretoen Elkartea), MIE (Musika Industria Elkartea), Musikari (Euskal Herriko Musikarien Elkartea) eta Musikagileak (Euskal Herriko Musikagileen Elkartea). Hain zuzen ere, Kulturaz kooperatibak kudeatzen duen Sanagustin kulturgunea Kultura Liveko kide da Euskal Herriko beste hamabost areto eta antzokirekin batera, eta Kulturaz kooperatibako kidea da Bengoetxea.

Atzo aurkeztu zuten Euskal Herriko musikaren jarduera bultzatzeko eta euskal musika atzerrian zabaltzeko xedez berritu duten proiektua Donostian, eta elkarteko kideek azaldu dutenez, "ilusioz betetako" fase berri bati ekin diote. Elkartearen egitura sendotzen aritu dira otsailetik hona, eta gaur-gaurkoz, Musika Bulegoak musikaren sektorearentzat lan egingo duen lantalde batek osatutako egitura propioa dauka. "Horri esker, musikaren sorkuntza, ekoizpena eta zabalkundea bultzatu eta sektorearen profesionalizazioan lagunduko duten ekimenak eta proiektuak gauzatuko ditu elkarteak".

Musika Bulegoa musika jarduera sustatzeko eta hobetzeko sortutako lankidetza proiektu sektoriala eta estrategikoa da. Eusko Jaurlaritzaren babesa du proiektuak, eta Euskal Herrian sortutako musika oinarri hartuta, musikaren topagune bat eraikitzea, artistei eta egileei zerbitzuak eskaintzea, kultur proiektuak aurrera eramaten laguntzea eta kalitatezko irudia proiektatuko duen marka sendoa sortzea dira haren helburuak. Elkartearen Zuzendaritza Batzorde berrian honako kide hauek osatuko dute: Aitor Bengoetxea (Kultura Live) izango da lehendakaria; Jagoba Astiazaran (Musikagileak) lehendakariordea; Unai Moraza (Musikari) idazkaria; Amaia Ispizua (MIE) diruzaina; eta Iñaki Otalora (Kultura Live), Mikel Urquiza (Musikagileak), Olatz Salvador (Musikari), Alvaro Sanz (MIE), Oau Vargas (MIE) eta Mikel Unzurrunzaga Makala (musikaria).

Batzorde berriak jakinarazi duenez, Euskal Herriko musikariei babesa, aholkularitza eta sustapena eskainiko dizkie, eta "musikaren topagune bat" eraikitzea izango da taldearen lehentasunetako bat. "Musikaren sektoreak kolore asko ditu Euskal Herrian ere, jardun oso ezberdinak daude, eta horietako bakointzarengandik ahalik eta gertuen egoten saiatuko gara". Musikarien premiei erantzuteko martxan diren proiektuak eguneratzeko eta berriak sortzeko asmoa du elkarteak, eta adibidez, Soinua Iratzarri proiektuarekin segituko dute umeek musika garaikidea ezagutu dezaten. Bestalde, euskal musikarien lana nazioartekotzeko erronka ere badu elkarteak, eta horretan ariko dira Etxepare Euskal Instituarekin batera egingo duten Basque Music egitasmoarekin. Jarduera Poltsa proiektua ere gauzatuko dute herrietara dinamikak irits daitezen, eta horrez gain, Musika Bulegoa Saria ere banatuko dute ibilbideak aitortzeko eta sortzaile berriak ikusarazteko.