'Mendi mendiyan' opera emanaldira Donostiara joateko doako autobus zerbitzua antolatu dute

Uztarria.eus 2019ko eka. 18a, 16:37

Kursaal jauregian izango da emanaldia ekainaren 29an, eta harako sarrerak erosita, Azpeitia eta Donostia arteko joan-etorria doan egin ahal izango dute herritarrek. Kursaal Eskura proiektuari esker eskaintzen du zerbitzua Azpeitiko Udalak. Ekainaren 24a izango da autobuserako izena emateko azken eguna

Urte hasiera aldean batu zen Azpeitiko Udala Kursaal Eskura proiektura, Azkoitiko eta Zestoako udalekin batera, eta egitasmoa tarteko, Donostiako Kursaal jauregian antolatzen dituzten hainbat kontzertutara eta ikuskizunetara joateko eta handik itzultzeko doako autobus zerbitzua eskaintzen dute. Ekainaren 29an, larunbatez, eskainiko dute doako autobus zerbitzua berriz ere; izan ere, egun horretan Mendi mendiyan opera ikuskizuna izango da Donostiako Kursaalen.

20:00etan hasiko da Jose Maria Usandizaga musikagilearen opera ikuskizuna, eta hara joan nahi dutenek www.kursaal.eus webgunean erosi beharko dituzte sarrerak. Ondoren eman beharko da joan-etorria autobusean egin ahal izateko izena; ekainaren 24a izango da horretarako aukera, 943-15 70 68 telefono zenbakira deituta edo idatzi kultura@azpeitia.eus e-posta helbidera mezua idatzita. Kontzertuaren egunean, 18:45ean anbulatorio aurretik aterako da autobusa, baina autobusa antolatzeko gutxienez hamabost laguneko taldea osatu beharko da.