Castelloko Itzuliaren sailkapenaren buruan jarri da Oier Ibarguren

Uztarria.eus 2019ko eka. 15a, 11:07

Volta Castello (Castelloko Itzulia) ari dira jokatzen egunotan Herrialde Katalanetako lurralde horretan, eta proba horretako bigarren etapa irabazi zuen atzo, ostirala, Oier Ibarguren txirrindulari azpeitiarrak. Onda eta Benicasim udalerrien artean jokatu zuten 126 kilometroko lasterketa, eta Baque Ideus BH taldeko azpeitiarrak 03:12:01 denbora behar izan zuen helmugara iristeko. Bigarren etapa irabazita, gainera, sailkapen orokorreko lehenengo postuan jarri da azpeitiarra. Txirrindulariak Harrison Wood du atzetik, 52 segundora. Gaur hirugarren etapari egin beharko dio aurre Ibargurenek, eta txirrindulariek bihar amaituko dute proba.

(Argazkia: Baixuli Studio)