Emakumeen ikasturte bukaerako jaialdia izango da ekainaren 14an

Uztarria.eus 2019ko eka. 6a, 13:41
Hainbat emakumek jaialdira bertaratzeko deia egin dute.

Datorren ostiralean egingo dute Emakumeen Txokoko Jabetze Eskolen barruko ekintzetan parte hartu duten emakumeek ikasturte bukaerako jaialdia, 18:30ean hasita. Sanagustin kulturgunean umorezko bakarrizketa saioarekin hasiko dituzte ekintzak, eta ondoren, bertso poteo feminista eta afaria egingo dituzte. Afaritarako txartelak Emakumeen Txokoan eros daitezke.

Ikasturte bukaera iritsi da, eta Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Mahaiak urtero egin ohi duten moduan, jaialdiarekin emango diote 2018-2019 sasoiari bukaera herriko hainbat emakumek. Hain zuzen ere, ikasturtean zehar Emakumeen Txokoan Jabetze Eskolen barruan egin dituzten ikastaroetan eta ekintzetan parte hartu duten herritarrek beren esperientziak partekatzeko eta ikasitakoaren emaitza plazaratzeko jaialdia izango da datorren ostiralean, ekainaren 14an, egingo dutena. 18:30ean hasiko dira ekitaldiak, Sanagustin kulturgunean. 

Lehenik, Bakean dagoena bakean utzi umorezko bakarrizketa saioa eskainiko dute Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik kulturgunean. Ondoren, 19:30ean, plazan hasita, bertso poteo feminista egingo dute, Julene Iturbe, Maddi Aiestaran eta Lierni Rekondo bertsolariekin. Hura bukatzean afaria egingo dute Sanagustinen. Emakumeen Txokoan jarri dituzte salgai afaritarako txartelak: langileek hogei euro ordaindu beharko dute otordua, eta langabeek, hamar euro. Eta afalostea gitarra saioarekin girotuko dute herriko hainbat emakumek.

Datorren ostiralekoa izango da ikasturte bukaerako ekitaldi nagusia, baina dagoeneko hasi dira ekintzekin; izan ere, astearteaz geroztik, Sanagustinen ikusgai dira eskulan tailerrean parte hartu duten emakumeek egindako lanak.