Espabilau Eguna ospatzeko prest dira lasaotarrak

Uztarria.eus 2019ko eka. 6a, 12:10
Iazko Espabilau Eguneko irudia.

Zapatuan ospatuko dute auzotarrek Espabilau Eguna. Goizetik gauera bitarterako ekintza ugari antolatu dituzte, hala nola goitibera jaitsiera, auzotarren arteko herri kirol erronka, paella txapelketa, jolasak, mus txapelketa, karaokea eta afaria.

Zapatua festa eguna izango dute lasaotarrek; izan ere, Espabilau Eguna izango da zapatuan auzoan. Auzoko bizilagunek ekitaldi ugari antolatu dute egun osorako, eta goizean goitiberen jaitsierarekin hasiko dute jaia. Ondoren, hamaiketakoa egiteko parada izango dute hara joaten direnek. Segidan lasaotarren arteko lehia izango da. Herri kirolak egingo dituzte adin desberdinetako auzotarrek bi taldetan banatuta; besteak beste, trontzan, sokatiran, pilotan nahiz zaku karreretan lehiatuko dira horiek. Eguerdian paella txapelketa egingo dute, eta hori bukatzean herri kirol erronkako nahiz paella txapelketako sari banaketa egingo dute.

14:30 aldean herri bazkaria egingo dute, eta bazkaritan auzoan ekoiztutako produktuz osatutako orga zozkatuko dute. Bazkalosteko giroa alaitzeaz, berriz, soinujoleak arduratuko dira, eta auzotarrek euskal kantak abestuko dituzte. Arratsalderako, berriz, mus txapelketa nahiz mahai jokoak antolatu dituzte, eta ondorenk karaokea ere egingo dute. 18:00etatik aurrera, berriz, haurrentzako jolasak eta itxulapiko puskatzea izango dira. Festari bukaera afariarekin emango diote.

Hona hemen, aurtengo Espabilau Eguneko egitaraua:

10:00. Goitiberen jaitsiera.

11:00. Hamaiketakoa.

Ondoren, herri kirol erakustaldia. Lasaotarren arteko lehia izango da.

13:00. Paella txapelketa.

14:00. Herri kirol eta paella txapelketako sari banaketak.

14:30. Herri bazkaria.

Gero, soinujoleak eta euskal kanten emanaldia.

16:00. Mus txapelketa eta mahai jokoak.

17:00. Karaokea.

18:00. Haurrentzako jolasak.

21:00. Afaria.