Elkarlanetik sortutako poltsa berrerabilgarriak, kontzientziak pizteko

Uztarria.eus 2019ko eka. 5a, 20:05
Udaleko, ikastetxeetako eta merkatarien ordezkariak, gaurko agerraldian.

Energia kontsumo arduratsuaren eta tokiko kontsumoaren aldeko leloak uztartzen dituen oihalezko poltsa bana jasoko dute datozen egunetan LHko eta DBHko Azpeitiko ikasle guztiek. Urola Erdiko Energia Mahaiak sustatuta, hainbat eragileren eta erakunderen elkarlanaren fruitua da gaur, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, udaletxean aurkeztu duten poltsa berria. Ikastetxeetan ez ezik, Bertan elkartearen saltokietan ere banatuko dituzte poltsak.

Energia kontsumo arduratsuaren eta tokiko kontsumoaren aldeko leloak uztartzen dituen poltsa berrerabilgarria aurkeztu dute gaur eguerdian udaletxean. Urola Erdiko Energia Mahaiak sustatuta, hainbat eragileren eta erakunderen elkarlanaren fruitua da gaur, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, aurkeztu duten poltsa berria. Iazko udan izan zuen abiapuntua elkarlan horrek. Energia Mahaia energiaren kontsumo arduratsua sustatzeko sentsibilizazio kanpaina diseinatzen hasi zen sasoi hartan; era berean, 2018-2019 ikasturteko Eskolako Agenda 21 programan jorratu beharreko gaia ekoizpen eta kontsumo arduratsuak izango zirela zehaztua zuten Azpeitiko eta Azkoitiko udalek eta bi herrietako ikastetxeek. "Gauzak horrela, lehen egitasmoa bigarrenean txertatzea erabaki genuen eta Zestoako Udala ere batu egin zen", azaldu du Aitor Bereziartua Azpeitiko jarduneko Ingurumen zinegotziak.

Jorratu beharreko gaiak kontuan hartuta, hasierako indar batze horren atzetik gehiago etorri ziren. "Eskualdeko udalez gaindiko lankidetza ezinbesteko" ikusita, ekoizpen arduratsua lantzeko Urkome eskualdeko landa garapen agentziak eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak bat egin zuten egitasmoarekin; eta kontsumoa lantzeko, berriz, hiru herrietako merkatarien elkarteek ere bai –Azpeitiko kasuan, Bertanek–. Horregatik, Bereziartuak eskertu egin du ikasturte honetako Eskolako Agenda 21 programa prestatzeko "alde guztietatik jasotako laguntza", eta "aurrerantzean ere" eragileekin "elkarlanean jarraitzeko nahia" adierazi du, Udalaren izenean.

Poltsak, eskoletan eta saltokietan

Gaur aurkeztu dituzten poltsa berrerabilgarriak oihalezkoak dira, kotoi ekologikoz eginak, hain zuzen ere, eta energia kontsumo arduratsuaren eta tokiko kontsumo arduratsuaren aldeko mezuak dituzte, alde banatan. "Urola Erdiko energia arduraz gastau" dio poltsaren aldeetako batean irakur daitekeen mezuak. Beste aldea ilustratzeko, berriz, Eskolako Agenda 21en barruan Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeetan egin den parte-hartze prozesu batetik atera diren bi mezu uztartu dituzte: "Izan herritar peto herrian erosiz lepo" da Azpeitiko ikasleek proposatutako leloen artean aukeratua izan dena, eta "Maitatu herria, kontsumitu geuria", berriz, Azkoitiko ikasleena. Biak batuta jaso dituzte poltsak apaintzeko, eta kontzientziak pizteko.

Hiru herrietako LHko eta DBHko ikasleek poltsa bana jasoko dute beren ikastetxeetan; Azpeitian, datozen egunetan jasoko dute ikasleek poltsa. Ikasleek ez ezik, gainerako herritarrek ere izango dute poltsa berria eskuratzeko aukera; izan ere, Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako merkatari elkarteen saltokietan ere banatuko dituzte poltsak.