Gaztetxoen Saskibaloi Topaketak egingo dituzte asteburuan

Uztarria.eus 2019ko mai. 28a, 13:52
ISBk antolatutako 2018ko Gabonetako Saskibaloi Topaketetako argazkia.

2008, 2009 eta 2010 urteetan jaiotako haurren Saskibaloi Topaketak egingo dituzte asteburuan, eta guztira, 42 talde arituko dira lehian. Kiroldegian, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Urola Ikastolan eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen Perdillegiko eraikinean jokatuko dituzte haurrek partidak.

Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatuta, gaztetxoen Saskibaloi Topaketak izango dira asteburuan, eta guztira, 42 talde arituko dira norgehiagokan. 2008, 2009 eta 2010 urteetan jaiotako haurrek parte hartuko dute txapelketan, eta topaketan 1.000 lagunetik gora espero ditu antolakuntza taldeak. Zapatuan, ekainaren 1ean, jokatuko dituzte gaztetxoek lehen partidak; 09:00etan hasiko da aurreneko norgehiagoka, eta eguna amaitu arte iraungo du txapelketak. Igandean, ekainak 2, berriz, arratsaldean jokatuko dituzte haurrek partida guztiak. Txapelketako neurketak kiroldegian, Urola Ikastolan, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen Perdillegiko eraikinean jokatuko dituzte.

Iraurgi SB taldea ez ezik, beste hainbat talde ere izango dira Saskibaloi Topaketetan; Bilboko La Salle eta Eskolapioetako taldea, Gernikako Sebero Altube, Durangoko Tabira, Arrigorriagako Padura, Arrasateko Ointxe, Donostiako Easo eta Ordiziako taldea, hain zuzen ere. Zapatuko neurketen ostean, talde guztietako haurrek Sanagustin kulturgunean bazkalduko dute, txandaka.