Oihana Aranguren: "Arteetan arteena da niretzat bertsolaritza"

Uztarria.eus | Kultura
2019ko mai. 27a, 16:29

Uztarria aldizkariaren maiatzeko zenbakia webgune honetan irakur daiteke dagoeneko, osorik (PDF formatuan, hemen). Herri aldizkariaren 216. zenbaki horretan irakur daiteke, halaber, Ihintza Elustondo kazetariak Oihana Aranguren bertso epaile azpeitiarrari egindako elkarrizketa hau.

Oihana Aranguren. (Ihintza Elustondo)  Ikusi haundiago | Argazki originala

"Espezie arraro bat"; halaxe sentitu izan da Oihana Aranguren (Azpeitia, 1971), behin baino gehiagotan. "Egia esan, kuadrillan ez dut eduki bertsozaletasun giro hori, etxekoek nahiz beste lagun batzuek lagundu izan didate saioetara, eta bakarrik ere joan izan naiz, baina orokorrean, neure kasa landutako gai bat izan da". Umetan ere, bazen beste haurrengandik bereizten zuen zera bat: "Niretzako ez zegoen gai bat eman eta haren inguruko bertsoak idaztea baino etxeko lan hoberik; nire lagunentzako tortura bat izaten zen hori". Halaxe, bertsozaletasunak eragindako kuriositatea tarteko, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko epaile izatera iritsi da. "Bilatutako kasualitate bat izan da".

Epaile izateko ez al dago bertsolari izan beharrik?

Baldin bazara oinarri handiagoa izango duzu, arauak-eta ezagutuko dituzulako, baina ez dago zertan izan. Ni ez naiz sekula bertsolaria izan –bat-batekoa ez behintzat, bertsoak idatzi izan ditudan arren–, baina bertsozalea bai. Arteetan arteena da niretzako bertsolaritza. Antzerkian edo musikan aurrez asko entsea dezakezu, eta ez dut gutxiesten hori, baina bertsolaritzaren bat-batekotasun horrek niretzako sekulako meritua dauka. Txapela kentzen dut nik edozein bertsolariren aurrean, izan elitekoa edo maila baxuagokoa. Inprobisatzeko gaitasuna eta azkartasuna, momentuan ezarritako testuinguruan kokatzea, molde metrika batean sartzea, segundo gutxitan bertsoa goitik behera osatzea, hizkuntzaren zuzentasuna eta ahozkotasunaren bereizgarritasuna baliatzea, kantaerarekin borobiltzea... Niretzako horrelako arterik ez dago. Miresmen handia diet bertsolariei. Denei.

Nondik datorkizu halako zaletasuna?

Zaletasuna betidanik izan dut; etxetik datorkit, gurasoak biak izan dira bertsozaleak. Etxean Juanito Dorronsororen liburu batzuk nituela oroitzen naiz, garaiko bertsolarien biografiak-eta jasotzen zituztenak, eta haiek irakurtzen nituen. Umetxo bat izateko, nahikoa atentzio ematen zidaten liburu haiek; bertsoak ere irakurtzen nituen, eta bat edo beste buruz ikasi ere bai. Eta nire irrika izaten zen amaren jaiotetxera, baserrira joan, eta familiako bazkari edo afarietan jendaurrean bertsoak kantatzea. Lasarteren, Uztapideren, Lazkao Txikiren edo Mattinen bertsoak kantatzen nituen, eta han jasotzen nituen txaloek asko balio zuten. Hitzetik Hortzera saioak ere jarraitzen nituen; nire lehengusuek-eta jolasera alde egiten zuten, baina ni horri begira gelditzen nintzen. Gainera, ikastolan bertsolaritzako ikasgai bat genuen, eta niretzako gozamena zen hura. Laxaro Azkune zen gure irakaslea, zorte galanta izan nuen berarekin topo egin nuelako. Laxarori esker, etxetik jaso nuen hori indartu zen.

Afizioa izatetik epaile izatera badago koxka.

Beti gustatu izan zait bertsolaritza, eta bertso saioetara joaten hasi nintzen gerora. Gainera, Bertsozale Elkarteko bazkide egin nintzen, eta 2014 inguruan, jakin nuen gai jartzaileen inguruko ikastaro bat egiteko aukera zegoela Durangon [Bizkaia]. Joan egin nintzen, eta denbora gutxira, epaileen beste ikastaro bat antolatu zuten; han ere parte hartu nuen. Epailetza ikastaroaren bueltan, Gipuzkoako elkartean epaile lanetarako jendea behar zutenez, deialdi bat egin zuten, eta  animatu egin nintzen, horrelaxe tokatu zelako eta behar zelako. Ordutik entrenamenduak, saioak, bilerak... egin ditugu, eta etengabe ikasten ari naiz.

Nola prestatu zara?

Villabonan [Gipuzkoa] elkartzen gara epaileok, Mintzolako egoitzan, bilerak egiteko. Baina lantaldean egiten ditugun saioez gain, bakarrik egin beharreko lan bat ere badago. Etxean jarduten dut, bertso saioak ikusi eta puntuaketak lantzen. Gainera, Bertsozale Elkarteak Interneteko plataforma bat jarri digu, epaileok entrena gaitezen, eta gure prestakuntzan baliabide osagarria da. Eskatzen du lanketa bat; izan ere, denok hainbat lan esparrutan ari gara lanean, eta afizio bat dugu epailetza.

Zer motatako saioak epaitzen dituzu?

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, bertso eskolek, hainbat herri mugimenduk... antolatzen dituztenak. 2015ean, eskolarteko txapelketetako epaile lanak egiten hasi nintzen, eta hortik egin nuen salto Gipuzkoako Txapelketara. Harrezkero, eskolarteko txapelketetan urtero parte hartu dut, eta beste hainbat sariketatan ere bai: Lizardi sariketan, Erniarraitz txapelketan, Herriarteko taldekako txapelketan, Plazatik Gaztetxera sariketan... Hainbat saio egiten dira, eta denean behar gaituzte. Gainera, Bertsozale Elkarteko epaileok, beste lurraldeetakoei ere laguntzen diegu, beharraren arabera.

Zenbat zarete, guztira?

Gipuzkoan, hemezortzi bat izango gara, eta Euskal Herri osoan, berrogeitaka.

Zer eskatzen du epaile lanak?

Urtean zehar, Gipuzkoako herri batera edo bestera joan behar izaten dut asteburuan, baina txapelketa garaian, agian, larunbat eta igande guztiak eskaini behar dizkiozu epailetzari. Neure lanaz eta etxeko egunerokoaz aparte, beste lantxo bat gehiago da, baina familiaren laguntzarekin, egiten dut. Orduz kanpoko lana da, baina gustura egiten dut, afizio handia dudalako. Lantaldean giro ederra dugu, eta horrek laguntzen du jardun horretan. Euskal kulturgintzan jartzen ari garen aletxo bat da, gustatzen zaigun eremu batean.

Ba al duzu bertsolari faboritorik?

Bai, baditugu, noski. Bertso saio batean entzuteko, batzuk gustukoago ditugu besteak baino. Bertsokera gustatzen zaizu, kantaera, arrazoien eta argudioen erabilera eta sakontasuna, gehiago transmittzen dizu... Epaile denok dauzkagu gustukoagoak egiten zaizkigunak; nik uste ezetz diotenek gezurra diotela. Baina txapelketa batean, eta orokorrean, epailetza lanean, burua hotz izan behar duzu, zu testuinguru hori, esamolde hori, epaitzera baizoaz. Bertsoa nola plazaratzen duen epaitu behar duzu. Eta bertsoa oso esparru handia da, ez da testua bakarrik.

 

 

Zer da, bada, kontuan izan behar dena?

Bertsoa plazaratzen den uneak zer nolako indarra eta balioa duen neurtu behar dugu: abiapuntu jakin batetik bukaerako emaitzera, bertso kantatura, eraman duen bidea. Zer esan duen, nola esan duen, aurrekoari erantzun dion edo ez, eman zaizkion elementuak erabili dituen, bizkortasuna, nola barneratzen duzun esaten duena, sinesgarri egiten zaizun edo ez,  kantaera... Gauza asko dira. Noiz, non, nori eta zergatik esaten den oso kontuan harturik, zer eta nola esan den begiratuko du epaimahaiak bereziki. Buruko prozesadorean segundo gutxitan kontuan hartu beharko du hori guztia.

Nahiko lan konplexua da epaileona. Epailetzan sartu nintzenean, pentsatzen nuen formula magikoa emango zidatela. Badaude irizpide batzuk, noski, denok presente dauzkagunak eta puntuaketetan aplikatzen ditugunak, eta horiek ahalik eta zorrotzen jarraitu behar ditugu. Baina badago zati subjektibo handi bat ere, eta hori kudeatzen jakin behar da. Funtsean, hori entrenamenduen bidez lortzen da. Baina egia da batzuetan epaileon artean ere aldeak egoten direla bertsoak puntuatzerakoan. Izan ere, bertso bat momentuan epaitzen duzu, bost-hamar segundotan, eta zerotik hamarrera puntuatzen da bertso bakoitza. Azkenean, puntuaketa lantalde batean egindako balorazioa da, epaile guztion puntuaketaren batez bestekoa.

Zenbat epaile egon ohi zarete?

Saioaren arabera. Eskolartekoetan eta sariketa gehienetan hiru, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasean [Gipuzkoa Bertsotan] lau egon ohi gara, beste batzuetan bost izaten dira, txapelketa nagusian gehiago...

Kontzentrazio handia beharko da, ezta?

Bai. Segundo gutxian epaitzen dugu bertso bat, eta haren puntuaketa idatzi orduko, beste bat hasita egoten da kantuan. Uste dut epailetzaren lanik handiena dela kontzentrazio puntu hori une oro bilatzea. Aurrekoa ahaztu eta zerotik hasi behar duzu bertso bakoitzean; horixe da gehien kostatzen zaiguna. Eta batez ere, kartzelako saioan. Guk lehenengo bertsolariari planteatzen zaion une eta testuinguru berean egon behar dugu, eta ez digu eragin behar aurrekoak zer kantatu duen, ezta gai berari kantatzen badio ere.

Ardura handia da zuena.

Bai, bada. Gainera, gure puntuaketak publikoak izaten dira, eta hein horretan, kritikak ere izaten dira. Baina badakizu hor zauden momentutik kritikak izango direla, eta horiek jasotzen ikasi behar duzu, horietatik ikasten. Gure beste kezka izaten da, puntuaketen batez bestekoa egiterakoan, ikustea zure puntuaketa ez dela beste epaileen bide beretsutik joan. Bakoitza ahalik eta lanik txukunena eta bidezkoena egiten saiatzen gara; epaile baten lana justutasun hori bilatzea da, eta epaileon arteko batez besteko horrek eramaten gaitu, intentzioz behintzat, emaitza zuzen horietara. Beti ez dugu asmatuko, bertsolariak asmatzen ez duen bezala. Baina egia da ardura handia dela, batez ere, sailkapen faseetan. Epaileen lana beti omen da esker txarrekoa; hala diote esamesek, Imanol Lazkano tartean, baina norbaitek egin egin behar.

Behin ere damutu al zara bertso bati puntuazio bat eman izanaz?

Ez dut esango ezetz. Azken finean, zu momentuan baloratzen ari zaren bertso hori, testuinguru eta momentu konkretu batean entzuten duzu. Eta hor zuri transmititzen dizuna edo gero etxean bakardadean eta ariketa isolatu bezala aztertzean pentsatzen duzuna batzuetan ez dira bat etortzen. Epaileon artean gorabehera gehien izan ditugun bertso saioetako puntuaketak aztertu egin ohi ditugu ondoren taldean, eta ondorio pila bat ateratzen ditugu hortik. Irizpideak berriz elkarbanatzeko balio izaten digute halako ariketek. Eta agian, zeuk epaitutako bertso bati beste puntuaketa bat ematen diozu halakoetan. Ez dakit damua den hitza, baina sentipen gazi-gozo bat gelditu izan zaigula uste dut, orokorrean, noizbait, denoi.

Eman al dizkiozu inoiz hamar puntu bertso bati?

Hamarreko bertsorik entzutea ez zaidala tokatu esango nuke. Perfekzioarekin topo egitea bertsolaritzan ere ez da erraza. Bestalde, egia da zero gutxi ematen ditugula ere. Niretzat oholtza gainean jarri eta presiopean ahalegina egin eta bertsoa bukatzeak berak badu meritua, nahiz eta trakets atera.

Hamarreko bertso batek zer ezaugarri izan behar ditu?

Belauniko jartzeko moduko bertso bat izan beharko luke. Zer ezaugarri dituen? Irizpideak bere osotasunean bete behar ditu; emandako elementuak eta gaia ondo uztartu bertsoan; biren arteko lana bada, bidelagunari jarraitu; koherentzia mantendu; sinesgarria izan; emozioak sortu... Sekulako klimaxa izan behar du. Bertso bat ez da perfektua zure bizipenengatik bihotza ukitu dizulako, gaiaren aurkezpenetik abiatu eta horri erantzun al dion da garrantzitsua.

Batek baino gehiagok kritikatu izan ditu txapelketak, lehiakortasuna sustatzen dutelako. Zer iritzi duzu zuk?

Nik txapelketak behar direla uste dut. Txapelketaren inguruan sortzen da mugimendua, eta batez ere, Bertsolari Txapelketa Nagusian. Bertsozale ez direnak ere zaletzen hasten dira; txapelketak badu indar hori. Herriz herri bestelako saio pila bat ere egiten dira, eta horiek pixka bat itzalean gelditzen dira zoritxarrez; jendeari atzerakada ematen dio sarritan saio txiki horietara joateak, pertsonalizatuagoak direla uste dute. Txapelketa, berriz, jendea bertsolaritzara gerturatzeko era bat da.

Bertsolariek beraiek kritikatzen dute txapelketa gehien, baina behin Andoni Egañari zera irakurri nion: mediku bat ikasten duenarengatik egiten dela mediku, eta bertsolaria txapelketak egiten duela bertsolari. Niretzako bertsolaria plazek egiten dute, eta norberak hautatzen du zein den bertsolari izate aitortza momentu hori. Baina txapelketak gizartean sortzen duen mugimendua izugarria da, euskal kulturgintzari ematen dion bultzada sekulakoa da. Isiltasun momentu horiek, jendearen  errespetua bertsolaria egiten ari denarekiko, 14.000 ikus-entzuleko saioak... Non lortzen duzu begirunezko espazio hori? Bertsolariak hori ikusi egiten du, eta maitatua sentitzen da. Uste dut beharrezkoak direla txapelketak bertsolaritzak osasuntsu jarrai dezan; ezinbesteko hauspoa dira.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu