Lagun Onaken Gorengo Mailako taldeak ez du mailaz igotzerik lortu

Uztarria.eus 2019ko mai. 25a, 20:46

Lagun Onak futbol klubeko gizonen Gorengo Mailako taldeak partida garrantzitsua jokatu du gaur arratsaldean, Garmendipen. Hain zuzen ere, igoera faseko itzulerako neurketa jokatu du taldeak, Errenteriako Touring taldearen aurka. Joaneko partidan, bana berdindu zuten, eta gaur, markagailuan 2 eta 2 zela amaitu da norgehiagoka. Beraz, kanpoko golak gehiago balio duenez, ez du lortu Lagun Onakek Ohorezko Erregional Mailara igotzea.

Ondo hasi da Lagun Onak, eta bigarren zatiko 21. minutura arte irabazten joan da taldea, 2 eta 1. Dena den, orduantxe iritsi da aurkarien gola, eta halaxe zaptuztu da Azpeitiko taldearen ametsa. Eneko Arangurenek eta Gorka Ariñok sartu dituzte etxeko bi golak, eta futbol zelaia leporaino bete da.

Festarik ez da falta

Gorengo Mailako taldearentzat gaurkoa egun tristea izanagatik, ez da ospakizunik faltako gaurkoan Lagun Onak futbol taldeko kideentzat. Izan ere, klubaren eguna ospatzen ari dira gaur, eta izango dute zertaz gozatua. 21:00 aldera arte elekrotxaranga ibiliko da kalez kale, eta ondoren, Lagun Onakeko entrenatzaileek, jokalariek eta kideek afaria egingo dute, Kiruri jatetxean. Afalostean, urteroko sari banaketa izango da.