Zabaldu dute garapen bidean diren herrialdeetan proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea

Uztarria.eus 2019ko mai. 24a, 14:40

Azpeitiko Udalak 90.000 euro bideratuko ditu laguntza horietara, eta herritarrek ekainaren 7a bitartean egin beharko dituzte eskaerak. Herritarrek proiektuaren txosten idatzia eta hainbat dokumentazio aurkeztu beharko dituzte udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan.

Dagoeneko eska daitezke garapen bidean diren herrialdeetan proiektuak garatu ahal izateko dirulaguntzak. Azpeitiko Udalak 90.000 euro bideratuko ditu laguntza horietara, eta herritarrek ekainaren 7a bitartean egin beharko dituzte eskaerak. Herritarrek proiektuaren txosten idatzia eta hainbat dokumentazio aurkeztu beharko dituzte udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (eraikineko lehen solairuan).

Dirulaguntzak eskatzeko hainbat helburu izan behar dituzte proiektuek: garatzeko bidean dauden herrialdeetan gauzatzea; proiektuaren helburua izan behar du garapen ekonomiko eta sozial orekatua bultzatzea edo horretan eragitea bultzatzea, hala nola osasun, hezkuntza, gizarte laguntza, kultura, gizarte eskubide, demokraziaren balioen garapen, emakume eta gizonen berdintasun nahiz banakako eta taldekako askatasun arloetan; hondamendi egoeretan ekimen humanitarioak laguntzea; herritarrek proiektuaren onurak jasotzea; eta herritarren inplikazioa eta parte-hartze aktiboa sustatzea.

Honako lotura honetan irakur daitezke dirulaguntzaren oinarriak, eta honako honetan eskura daiteke eskaera orria.

Eskaera egiteko, berriz, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute herritarrek:

 

  • Eskatzailearen edo bere ordezkariaren NANa.
  • Elkartearen IFKren fotokopia.
  • Eusko Jaurlaritzaren Erakundeen eta Elkarteen Erregistroko inskripzio ziurtagiria, hala badagokio.
  • Kontuaren titulartasuna egiaztatzen duen dokumentua.
  • Erakundearen jarduera orokorraren memoria, Garapenerako Lankidetzan eta Sentsibilizazioan duen eskarmentua azaltzen duena; aurkako alderdiaren eskarmentua ere aipatuko da, eskatzailearenaren desberdina bada.
  • Proiektuaren, jardueraren edo berariazko egitasmoaren memoria, dirulaguntza eskatzen den zeinentzat eskatzen den zehaztuta. Memorian azaldu beharko da non egingo den eta nori zuzenduta dagoen proiektua, ahal bada zonalde zehatzaren mapaz lagunduta. Horrez gain, baliabideen zerrenda, aurrekontu orokorra, eskatzen den diru kopurua eta hori egiaztatzeko modua aurkeztuko dira.
  • Erakundearen jarduera orokorraren gastuen eta sarreren aurrekontua.
  • Diruz lagundu nahi den proiektu, jarduera edo programa zehatzaren gastuen eta sarreren aurrekontua.
  • Elkarteko kide kopurua, Azpeitikoak eta beste herrietakoak bereizita. Eskatzaile bakoitzak elkarteko batzordeko idazkariaren ziurtagiria aurkeztu beharko du.
  • Onartutako proiektuaren eta emandako dirulaguntzaren arteko aldea (halakorik balego) jartzeko konpromisoa agertzen den deklarazioa, zuzenean edo hirugarren baten finantzazioaren bidez.
  • Programak Azpeitiko Udalerrian zabalkundea izateko proiektua.
  • Oinarrietan 3.3 artikuluan ataletarako agiriak: eskatzailearen edo/eta ordezkariaren NANaren kopia eta erakundearen IFKren kopia.